Giza klonazioa: non gaude?
2001/11/27 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia | Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia | Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Gizakia bera klonatzeko bidea ireki dela adierazi da, eta ez dirudi argitaratu diren emaitzek horrelakorik iragartzeko aukera ematen dutenik. Izan ere, Advanced Cell Technology enpresak argitaratu duena zelula ama immunobateragarriak lortzeko giza enbrioia klonatu dutela izan da. Besterik ez.
Esperimentu horretan, hainbat zeluletatik bakarrak egin du aurrera; gainerakoak berehala hil dira. Aurrera egin duena enbrioia garatzeko bidean zatitzen hasi da, baina 6 zelula eratu ondoren, enbrioia hil egin da. Zelula amak garatzen hasteko, ordea, enbrioiak ehun zelula inguru izan beharko lituzke. Saiakera horren arrakasta, beraz, bere neurrian ulertu behar da. Giza enbrioia klonazioz garatu eta zelula amak lortzeko bidean pauso bat eman da, baina oraindik bide luzea dago egiteko.
Egia esan, lehenengo giza enbrioia klonatzea lortu denik ere zalantzan jarri du zientzialariren batek. Dolly ardia klonatu zuen Ian Wilmont-ek berak prentsan eginiko adierazpenak ere ildo horretatik doaz. Bere esanean, garapenaren fase horretan enbrioiak 6 zelula baino gehiago izan beharko lituzke; beraz, garapen eskasa duen zelula-multzo hori enbrioi izatera ere ez omen da iritsi.
Nukleo-transferentzia erabiliz pazientearen genoma nuklearra duten zelula ama totipotenteak (edozein ehun bilakatzeko gai direnak) lortzeak medikuntzari izugarrizko bultzada emango lioke; horretan ez dago zalantzarik. Baina ez da zelula amak lortzeko modu bakarra. Gaur egun, klonazioarena baino askoz ere aurreratuago dauden bestelako tekniken bidez ere egin daiteke, eta horiek erabilita dagoeneko odoleko, bihotzeko eta gibeleko zelulak garatzea lortu dute. Ez dira, beraz, beste teknika horiek eman ditzaketen aukerak gutxietsi behar; batez ere klonazioz lortzeko modua oraindik zehazteke dagoen bitartean.
Bestalde, komunikabideetan klonazioz lortutako enbrioia emakumezko baten uteroan sartu eta haurra jaiotzeko aukeraz hitz egin da. Esan beharra dago, hala ere, legalki eta etikoki hori egiteko aukera egongo balitz ere, oraingoz teknikoki ezinezkoa dela. Nahikoa garatu ez den enbrioia baino ez dute lortu. Eta lortu eta uteroan sartuko balute ere, oraindik zailtasun asko egongo lirateke gainditu gabe. Izan ere, klonazioan beharrezkoa den zelulen birprogramazioak (ugalketa-zelulek berezkoa duten ADNaren metilazioa eragin eta zelula ‘gaztetzeak’) informazio genetikoaren transmisioan akatsak eragiten ditu; fetua ondo garatu ez eta hiltzeko adina akats. Oraingoz, ugaztunen kasuan behintzat, ugalketarako klonazioaren arrakasta % 1ekoa da, eta hortik gutxi batzu baino ez dira jaiotzen.
Laburbilduz, eztabaida zientifiko-etiko-legalak izan dira, baina gizakia klonatzeaz esan diren hainbat gauza oraindik zientzia-fikzioa dira, teknikoki oso zailak direlako. Gainera, zelula amak lortzeko ikerketetan bestelako bideak ere ari dira urratzen. Herenegun argitaratutakoa, beraz, aurrerapauso handia da, baina ez zabaldu den adinakoa.
Gai hauen inguruan informazio gehiago nahi duenarentzat:
Advanced Cell Technology enpresak argitaratutako artikulu zientifikoak:
The Journal of Regenerative Medicine
Scientific American
Zientzi.net-ek giza klonazioari buruz argitaratutako artikuluak:
Zelula amak, klonazioz lortutako giza enbrioitik abiatuta
Zerk geraraz dezake giza klonazioa?
Klonazioaren auzia biologiaren ikuspuntutik
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia