Gizaki modernoaren eskuaren itxura duen fosilik zaharrena aurkitu dute
2015/08/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
1,84 milioi urteko falange berezi bat aurkitu dute Olduvai Georgeko aztarnategian, Tanzanian. Izan ere, hatz-hezur horrek garai berean bizi ziren hominidoenak baino askoz ere itxura modernoagoa du. Hori aintzat hartuta, orain arte aurkitu den gizaki modernoaren itxurako eskurik zaharrenaren aztarna dela iradoki dute ikertzaileek.
OH 86 deitu diote fosilari, eta ezkerreko eskuaren zati bat da. Inguru hartan, Paranthropus bosei eta Homo habilis hominidoak bizi ziren garai hartan, baina haien eskuek ez zuten oraingo gizakiarenaren itxurarik.
Hain zuzen, eskuaren morfologia gako nagusietako bat da giza eboluzioa ulertzeko. Harrizko tresnak erabiltzeko beharrak bultzatuta moldatu zela uste izan da. Alabaina, azken urteotan topatutako fosilei esker, eskuaren eboluzioa oso konplexua izan ohartu dira ikertzaileak, antzinako hominido batzuek eskuek gureen antza handiagoa baitzuten, denboran gugandik gertuago dauden beste hominido batzuenak baino.
Orain aurkitutako fosilak erakutsi du esku modernoaren ezaugarri batzuk oso aspaldi garatu zirela. Oraindik ez dakite zer espezietakoa zen OH 86 fosilaren jabea, eta eskuaren xehetasunak ezagutzen lagunduko liekeen beste fosilik ere ez dute aurkitu. Nolanahi ere, aurkikuntza garrantzitsutzat jo du hura aurkitu duen ikertzaile-taldeak. Manuel Domínguez Rodrigok zuzendu du taldea, eta Nature Communications aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia