}

Gizakia desagertuko balitz...

2007/08/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Imajinatzen duzue zer gertatuko litzatekeen bat-batean gizon-emakumeak mundutik desagertuko bagina? Bada, galdera horri erantzun zion Bob Holmes biologo eta kazetariak New Scientist zientzia-dibulgazioko aldizkariko artikulu batean.

Gizakirik gabe Lurra nolakoa izango litzatekeen igartzen saiatu da Holmes.

Artikuluaren hasieran, gizakia planeta osoan gehien hedatu den espeziea gizakia dela gogorarazten du Holmesek. Alegia, espezie inbaditzaileena gara, eta, gainera, ondorio nabarmenak sortzen ditugu hartzen ditugun leku guztietan. Giza jardueraren eraginez, basoak soildu dira, basamortuak handitu, akuiferoak agortu, espezie basatiak galdu... Horrez gain, poluzio kimikoa eta nuklearra sortu ditu gizakiak, eta badirudi klima aldatzea ere eragin duela.

Hori guztia kontuan hartuta, Holmesek uste du gizakia desagertzea albiste ezin hobea izango litzatekeela beste bizidunentzat. Naturak bere lekua hartuko luke berriro, eta, beharbada, denbora bat pasatutakoan, ez litzateke giza jardueraren arrastorik geratuko. Edo... agian ez litzateke hain erraz ezabatuko gizakiak utzitako aztarna? Hori argitzen saiatu da Holmes.

Mantentze-lanen gabezia

t Holmesen esanean, elektrizitate-gabezia izango litzateke gizakia desagertzearen lehen ondorioa, eta hori ederki asko ikusiko litzateke espaziotik ere. Hain zuzen ere, gauez espaziotik ateratako irudiak aztertzea da giza populazioa non biltzen den hautemateko modu bat, argi artifizialek garbi salatzen baitute non dauden hiriak eta herriak.

Gizakia desagertu eta 24-48 ordura, mapa argitsu horretan hutsuneak agertzen hasiko lirateke, zentral elektrikoak erregairik gabe geldituko bailirateke. Energia berriztagarriez baliatzen direnek (aerosorgailuak, eguzki-panelak...) denbora gehiago iraungo lukete martxan, baina, banaketa-sarearen mantentze-lanen faltagatik, itzali egingo lirateke aste edo hilabete batzuetara. Noski, horrekin batera makinaria elektriko guztia isilduko litzateke.

Txernobil inguruak jendeak uste baino azkarrago ari dira etortzen bere onera.
(Argazkia: Wikipedia)

Eraikinak, zubiak eta beste egitura batzuk ere erortzen hasiko lirateke mantentze-lanik ez egiteagatik. Hala ere, haien hondakinek luze iraungo lukete. Egin kontu: oraindik ere agerian daude duela 3.000 urteko zibilizazioen eraikinak.

Baina, inon izatekotan, zentral nuklearretan izango litzateke larria mantentze-lanik ez egotea. Zentraletan gertatzen diren erreakzioek bero izugarria askatzen dute; hortaz, erreaktoreak uraren bidez hoztu behar dira. Alabaina, ura lurrundu eta agortu ahala, erreaktoreak urtu egingo lirateke, eta erradiazio handia askatuko lukete.

Dena den, erradiazio nuklearraren eraginak ez du jende gehienak uste duen bezainbeste irauten. Txernobil inguruak garbi erakusten du naturak sekulako ahalmena duela bere onera etortzeko. Jendea alde hartatik atera eta urte gutxira, arratoiak eta saguak eremuaz jabetu ziren; haiek txakur basatiak erakarri zituzten. Geroago, bertako fauna agertzen hasi zen. Orain, basurdeak ebakuazio-eremuaren kanpoan baino hamar aldiz ugariagoak dira han, eta harrapari handiak ere asko ari dira ugaritzen, otsoak esaterako.

Berritzeko ahalmena

Antzekoa gerta daiteke beste lekuetan. Azkarrago edo motelago berritzea hainbat faktoreren araberakoa da: klima (epelak eta hezeak, oso hotzak eta idorrak baino lehenago), jatorrizko ekosistema zenbateraino dagoen kaltetuta... Eta, zenbait kasutan, ezinezkoa izango da gizakiak aldatu aurretik zegoen orekara itzultzea.

Izan ere, gizakiak espezie batzuk beste batzuekin ordezkatu dituen tokietan, beste era bateko oreka lortu da, eta lehendik zeuden espezieek ez dute lekurik. Etxekotutako landare eta animalien oinordekoak, berriz, ekosistema basatietan sartuko lirateke, gaur egun txerri eta zaldi basatiek hainbat lekutan egin duten bezalaxe.

Etxekotutako animalien oinordekoak ekosistema basatietan sartuko lirateke.

Eta zer gertatuko litzateke genetikoki eraldatutako landareekin? Egilearen esanean, oso litekeena da ez irautea gizakirik gabeko mundu horretan. Landare transgeniko gehienak pestizidekiko erresistenteak izateko eraldatzen dira, eta horrek metabolismoari gastu bat dakarkio. Hortaz, pestizidarik gabe, landare transgenikoak desabantailan egongo lirateke.

Bai pestizidak bai bestelako gai kimikoak ingurumenetik desagertzen joango lirateke, baina alde handia dago batetik bestera erabat desagertzeko edo neutralizatzeko behar duten denboran. Bestetik, atmosferara isurtzen diren karbono dioxidoak eta metanoak, biak ere berotze globalaren erantzuleak, denbora asko beharko lukete kliman eraginik ez izateko kontzentrazioetara jaisteko. Itsasoan, berriz, atmosferan baino lehenago antzemango litzateke giza jarduera amaitu dela, eta luze baino lehen bere onera etorriko litzateke.

Horrenbestez, faktore guztiak aintzat hartuta, ehun mila urte barru estralurtarrak Lurrera etorriko balira, ez lukete gizakiaren jardueraren arrasto nabarmenik ikusiko. Ikertzen hasiko balira, ordea, aztarna ugari aurkituko lituzkete: erregistro fosilean aldaketa nabaria izan zela ikusiko lukete, hilerrietan giza eskeletoak topatuko lituzkete, jalkinetan giza jarduerak sortutako produktuak aurkituko... Eta, artean, irrati-uhinek espazioan bidaiatzen jarraituko lukete. Baina Lurrak ordurako ahaztuta izango gintuzke. Hori da Holmesen ondorioa. Polita izango litzateke egia ote den ikusteko aukera izatea!

Gara-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia