}

Gizakia, estralurtarra?

2001/02/04 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Duela egun batzuk NASAk oihartzun handiko esperimentu baten berri eman zuen. Espazioko kondizio gogorrak laborategian erreproduzitu zituzten eta hainbat molekula sinple argi ultramorez irradiatu zituzten. Emaitza txundigarria izan omen zen: mintz-erako egituretan antolatutako molekula konplexuak eratu zirela ikusi zuten. Horrek, biziaren jatorri estralurtarraren teoria berriz ere suspertu du.

Baina, zer lortu dute zehazki NASAko ikertzaileek? Ura, karbono dioxidoa, karbono monoxidoa eta metanola bezalako molekula arruntak hartu eta oso tenperatura baxuetan ipini dituzte, -263 ºC-tan. Egoera horretan argi ultramorezko erradiazio bortitza igorri diete eta, horrela, eguzki-sistema sortu zenean zeuden kondizioak erreproduzitu dituzte nolabait.

Ikertzaileek prozesuaren ondorioz molekula konplexuak sortuko zirela espero zuten, baina ez zuten inolaz ere emaitza erreala aurreikusi. Molekula organiko oso konplexuak eratu baitziren esperimentuan eta, urarekin nahasita, mintz-erako egituretan antolatu ziren. Hain zuzen, egitura horiek ustez biziaren jatorrian kritikoak izan ziren molekulen oso antzekoak omen dira.

Biziaren adreiluak

Mintz-erako egiturak ezinbestekoak dira prozesu biologikoetan. Erreakzioetan parte hartzen dute, konposatuen garraioan eta beste hainbat prozesutan. Ezagutzen diren sistema biologiko guztiek mintzak erabiltzen dituzte zeluletako energia sortu eta harrapatzeko. Horregatik, biziaren sorreran zeregin garrantzitsua bete zutela uste da.

NASAko ikertzaileen esperimentuek egitura organiko konplexuak espazioko baldintza gogorretan sor daitezkeela erakutsi dute. Aipatu molekula sinpleak nonnahi daude espazioan eta erradiazio ultramorea ere bai. Beraz, laborategian eginiko erreakzioak espazioko bazter guztietan gertatzen aritzea oso posible da.

Honek guztiak bizia espaziotik datorrela esan nahi al du? Ez ezinbestean. NASAko ikertzaileek, gainera, ez dute inondik inora halako baieztapenik egin. Biziaren sorreran funtsezko zeregina egotzi zaien hainbat egitura espazioan sor daitezkeela erakutsi dute, besterik ez. Baliteke egitura horiek Lurraren gaztaroan espaziotik iritsi izatea, eta bizia garatu ahal izateko euskarri gisa jokatu izana. Baina usteak besterik ez dira. Izan ere, biziaren jatorriaz hitz egitea teoria, uste eta hipotesiez hitz egitea baita.

Hitzarmenezko teoria

Egun onarpen zabalena duen teoria Oparin kimikari eta biologo errusiarraren ideietan dago oinarrituta. Oparinek atmosfera primitiboaren konposatu kimikoak biziaren jatorria direla dioen teoria plazaratu zuen 1924an. Teoria horren arabera, lehen molekula organikoak atmosferan zeuden molekula sinpleetatik abiatuta sortu ziren. Orain ez bezala, orduko atmosfera metanoan, amoniakoan, hidrogenoan, karbono dioxidoan... oso aberatsa zen eta haiek izan ziren biziaren jatorria. Tenperatura eta erradiazio bortitzen pean, molekula organiko konplexuetan eraldatu ziren, ozeanoetan pilatu ziren eta 3.000 urteren buruan lehen zelulak agertu ziren. Hori zehazki nola gertatu zen ez da oraindik argitzerik lortu, baina ia ziurra da bizia ozeanoetan hasi zela, Eguzkiaren erradiazio bortitzetik salbu. 50eko hamarkadan Stanley Millerrek Oparinen teoria frogatzeko saiakera egin zuen eta atmosfera primitiboaren antzekoa zen Gas-nahastetik abiatuta aminoazido eta nukleotidoak eratzen zirela ikusi zuen. Hau da, proteina eta ADNaren oinarrizko osagaiak. Laburbilduz, bizia duela milaka milioi urte Lurreko ozeanoetan gertatu ziren zorizko erreakzio kimikoen ondorio da.

70eko hamarkadan, ordea, indartsu abiatu zen bizia ozeanoetan ez baina espazioan sortu zela zioen teoria. Panspermiaren teoriak dio lehen zelulak erreakzio kimikoen ondorioz sortu zirela bai, baina erreakzio haiek espazioan gertatu zirela. Ondoren, meteoritoetan edo beste nolabait iritsi ziren Lurrera eta hemen garatu ahal izateko kondizioak aurkitu zituzten. Panspermia Anaxagoras filosofo grekoak aipatu zuen lehenengoz. Espazioan banatutako hoziez hitz egiten zuen Anaxagorasek biziaren jatorria azaltzeko. Haren teoriak hainbat defendatzaile izan ditu historian zehar eta, esan bezala, XX. mendeko 70eko hamarkadan hasi ziren serioski indarra hartzen.

NASAren aurkikuntzek arnas berria eman diezaioke Panspermiaren teoriari, nahiz eta NASAko ikertzaileek adierazi dutenak ez duen hainbesterako biderik ematen. Espazioan uste baino molekula eta egitura konplexuagoak aurki daitezkeela iradokitzen dute, baina goizegi da oraindik beste deus iragartzeko.

Egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia