}

Gizakia ezagutzeko, animaliak behatu

2000/06/18 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Gizakia -besteak beste- prozesu biologikoen multzoa da; animaliak -besteak beste- horrenbeste ere badira. Horregatik, historian zehar gizakiak behin baino gehiagotan erabili ditu animaliak ikerketarako. Ikerketa-lerro horri antzinatetik ekin zitzaion arren, eredu birtualen garaian eredu naturalei lehen bezainbeste erreparatzen zaie.

Gizakion gaixotasunen arrazoiak eta sendabideak aurkitzeko eta gorputzaren funtzionamendua ulertzera iritsi ahal izateko, greziarrak animaliak erabiltzen hasi ziren. Eurak, hala ere, zorteko izan ziren, gizakien gorpuak irekitzeko debekurik ez baitzuten jasan behar izan. Horregatik, debekuak indarrean izan direnean, ikerketa-lanean animaliak eta animalien gorpuak behatzea etenik gabeko eginbeharra izan da. Dena den, Berpizkunde garaia arte, Leonardo Da Vincirekin, animalien erabilera zientifikoa ez zen sistematikoa izan. Italiarrak animalia ugariren anatomia deskribatu zuen eta gizakionarekin konparatu zituen. XIX. mendeko azken urteetan Alemanian eta Frantzian orokortu egin ziren animaliekin egindako ikerketa zientifikoak.

Laborategietan animaliekin egindako ikerketei esker, amorruaren, baztangaren, tetanoaren… aurkako txertoak aurkitu ahal izan ziren, intsulina eta hainbat antibiotiko aurkitu ziren, ADNaren egitura identifikatzea lortu zen, eta beste hainbat gaixotasunen aurkako tratamenduetan aurreratzea posible izan zen.

Biomedikuntzarentzat ezinbestekoa omen da animaliekin ikerketak egitea. Horrela, zelulen funtzionamendua nolakoa den jakiteaz gain, gaixotasunei aurre egiteko prebentzio-, diagnosi- eta tratamendu-neurriak hartzea errazagoa izaten da. Era berean, substantzia biologiko eta kimiko askoren ondorioak zeintzuk eta nolakoak izan daitezkeen erabakitzeko, laborategietan entseguetarako animaliak erabiltzeak badu garrantzia, gizakion osasuna arriskuan jarri gabe.

Botika edo eta terapia berriak, oro har, eredu biologikoetan frogatzen dira. Eredu horiek ordenagailuetan simulazioak egitetik abia daitezke, zelula-kulturekin entseguak eginda jarraitu -in vitro-, eta animaliekin egindako entseguekin bukatu -in vivo-. Gaixotasunak ikertzeko, tratamenduak erabakitzeko edo prebentzio-neurriak hartzeko, horrelako ereduetan espezie askotako animaliak erabili izan dira:

  • Saguak. Oinarrizkoak izan dira inmunologiaren aurrerapausoetan, minbiziaren prozesua ezagutzeko, eta zahartze-prozesua ulertzeko.
  • Arratoiak. Ikerketa endokrinologikoak egiteko ereduetan erabiltzen dira, hipertentsioa eta diabetea ikertzen den ereduetan, eta haginetako gaitzak aztertzeko.
  • Untxiak. Sarri erabiltzen dira, batez ere sistema inmunologikoko, begietako eta entzumeneko gaitzak ikertzeko.
  • Akuriak. Nutrizio-ikerketetan erabili izan dira.
  • Txerriak. Bestelako itxura badute ere, fisiologikoki gizakiaren antz handia ei dute. Beren bihotza gizakiaren oso antzekoa denez, bihotzeko gaixotasunei aurre egiteko botiken ikerketan maiz erabiltzen dira, baita azaleko gaixotasunen ikerketan ere. Organoen transplanteei begira, txerriekin azkenaldian egiten ari den lana oso aurreratua dago.
  • Ardiak. Txerto batzuk garatzeko -antrax-aren aurkakoa adibidez- lagungarriak izan dira, eta giltzurrunetako gaixotasunen inguruan lanean ari diren ikerketetan ere askotan erabili dira.
  • Arrainak, oro har. Gibeleko minbizia, diabetea, sistema inmunologikoaren gorabeherak, ikusmena eta bihotzeko gaixotasunak ikertzeko ereduetan erabili izan dira.
  • Primateak. Poliomielitiaren aurkako txertoa lortzeko, ezinbestekoak izan ziren; malaria-ikerketetan sarritan erabiltzen dituzte; bihotzeko gaixotasunetan eta abarretan. Era berean, odol-taldeen bateragarritasuna ulertzeko ikerketetan oinarrizkoak izan ziren. Espezieen artean, gizakitik primate gorenak baino gertuago ez dago inor; horregatik, entseguen azken probetan erabiltzen dituzte.
  • Txakurrak. Ikerketan ez dira oso ohikoak, baina erabili izan dira. Lehen giltzurrun-transplantea txakur batekin egin zen, diabetearen agerpena oso ondo ikertu da txakurretan, entzumen-arazoak dituztenentzat tresnak egiteko ikerketetan erabili izan dira eta abar.
  • Katuak. Txakurrak bezala, laborategietan ez dira oso ohikoak, baina, ikusmen-arazoak eta leuzemia ikertzeko, adibidez, erabili izan dira.

Animaliak babesteko neurriak

Ikerketetan animaliak erabiltzeak arazo etikoak eta filosofikoak eragiten ditu. Konponbide zaileko arazoak izaten dira, ez baitago irizpide etiko objektiborik. Gizartean badago nolabaiteko akordio edo kontsentsua krudeltasuna, berez, ez onartzeko. Baina, laborategi-lanean nekez kontrola daiteke hori. Nork erabakitzen du zer den eta zer ez den krudeltasuna? Ikerketaren helburuek? Ikerketan erabilitako metodoak? Zeren arabera erabakitzen da krudeltasuna? Entseguetan erabilitako animalia-kopuruari begiratu behar zaio? Animaliekin egin den esperimentu motari? … askoz ere galdera gehiago egitea badago, baina ez du askorako balio, kultura batetik bestera, gizarte batetik bestera, pertsona batetik bestera, aldea egon badagoelako animalien "balioa"ri dagokionez.

Dena den, nazioarteak 1986tik badu animaliekin egiten diren ikerketa biomedikoetarako araudia:

  1. Biologia-jakintzaren aurrerapenak eta osasuna eta ongizatea garatzeak berekin dakar animalia biziekin esperimentuak egitea….
  2. Eredu matematikoak, ordenagailu-simulazioak edo in vitro egiten diren entseguak lehenetsi behar dira.
  3. Jakintzaren aurrerapenerako eta osasunarendako garrantzitsuak direnean, esperimentuak animaliekin egingo dira.
  4. Esperimentuetarako aukeratzen diren animaliak egokiak izan beharko dira, eta ahalik eta animalia gutxien erabiliko dira.
  5. Ikertzaileek ez dute ahaztu behar animaliek sentitu egiten dutela; hortaz, ahalik eta minik, sufrimendu, eta estres gutxien eragingo zaie.
  6. Gizakiari min eragiten dionak animaliari ere eragiten dio; hortaz, saiatu gehiago erreparatzen animalien sufrimenduari.
  7. Albaitaritzan onartutakoaren arabera, mina eragin dezaketen teknikak erabiliz gero, animaliei lasaigarriak emango zaizkie edo eta anestesia jarriko zaie.
  8. Aurreko artikuluari dagokionez, gauzak beste era batera egin beharra balego, erabakia ez lukete soilik ikertzaileek hartuko, eta, horretarako, batzorde berezia antolatuko da.
  9. Esperimentuak bukatu ondoren, itzulera ezineko egoeran edo min kronikoz geratzen diren animaliak hil egingo dira.
  10. Laborategian dauden bitartean, animaliak ondo zainduko dira.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia