Gizakia Martera bidaltzeko ideiak
2008/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Marterako bidaia tripulatu bat egiteko asmoa aurrera egiten ari da. NASAk dagoeneko aurkeztu du bidaia hori egiteko estrategia nagusia: ideia da espazio-ontzi handi bat egitea, 400 tonakoa, eta erregai kriogeniko baten bidezko propultsio-sistema batez mugiaraztea. Ontzi horren zatiak Lurrean egingo dituzte, baina Lurraren inguruko orbitan elkartu eta lotu nahi dituzte.
Espazio-ontzi handia izatearen abantaila bat da barruan landareak haziko dituztela. NASAkoen esanean, alde batetik, barazkiak eskuratu ahal izango dituzte jateko, eta, bestetik, astronauten "osasun psikologikoan" lagunduko du landareak hazteko lanak. Beste xehetasun batzuk ere eman dituzte, adibidez: ontziak ura eta airea birziklatu egingo ditu, eta ontziaren barruko sistemen energia-iturria nuklearra izango da.
Sei edo zazpi hilabeteko bidaia izango da, eta Marten 16 hilabetez egon nahi dute; guztira, 30 hilabete inguruko abentura izango da. NASAkoek argi eta garbi dute proiektua asko alda daitekeela oraindik baina hori dela une honetan duten estrategiarik onena. 2031 inguruan egitea espero dute; bitartean egin beharreko prestatze-probak Ilargian egitea proposatu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia