}

Gizakiaren aharrausiekin gora eta behera

2006/12/03 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Aharrausia nahi gabe eta ezinbestean egiten dugun ekintza da. Eta guk bakarrik ez, animalien artean oso zabalduta dago aharrausi egitea; ugaztunek egiten dute, baita hegazti eta narrastiek ere. Horrek esan nahi du fenomenoa animalien eboluzioan nahiko goiz, animalia-talde askoren arbaso batean, agertu zela eta harrezkero mantendu egin dela. Garrantzitsua izango da, bada, aharrausi egitea... baina, zergatik?
Animalien artean oso zabalduta dago aharrausi egitea.
O. Lakar

Oraindik erantzunik ez duen galdera da hori. Aharrausiaren inguruan argi dagoen gauza bakarra da kinada ugarik eragiten dutela: aspertzea, logura , tentsioa, gosea...

Bitxia da gizakiari (baita txinpantzeari ere) aharrausia kutsatu egiten zaiola. Nahikoa da norbait aharrausika ikustea, edo entzutea, norbera ere aharrausika hasteko. Baina ez beti. Esperimentu bat egin zuten ikusteko zein adinetatik aurrera kutsatzen zen jendea aharrausiekin. 2 eta 11 urte bitarteko haurrekin egin zuten esperimentua. Haurrak banaka hartu eta bi proba egin zizkieten: jendea aharrausika agertzen zen bideo bat ikusi behar zuten eta aharrausiei buruzko istorio bat irakurri edo entzun behar zuten. Azterketaren ondorioa izan zen sei urtetik beherako haurrak ez direla aharrausiekin kutsatzen. Horren arrazoi garbirik ere ez dute aurkitu, baina horretan ari dira.

Aharrausiaren teoriak

Aharrausia kinada ugarik eragiten dute.

Teoria bat baino gehiago saiatzen dira galdera horiei erantzuten. Batez ere bik dute indarra, baina bat behintzat kontraesanean dago aurretik aipatutakoarekin. Beste hainbat teoria gehiago daude, baina ez dira frogatu eta ez daude oso garatuta.

Teoria zabalduenak dio arnasa oso sakon hartzen ez dugunean, edo oxigeno asko ez duen gela batean gaudenean, gutxika, ehunetan eta odolean oxigenoa gero eta urriagoa eta CO2-a gero eta ugariagoa direla, eta horren aurrean gorputzak aharrausi egiten duela, ahal bezain azkar oxigeno-eskasia konpontzeko. Kutsakorra izatearen inguruan esaten du normala dela pertsona bat aharrausika hastean ingurukoak ere hastea, denak kondizio beretan daudenez, denek izango dutelako oxigeno falta.

Esperimentu batean teoria hori ezeztatu egin zuten, ordea: pertsona-talde bati oxigeno purua eman zioten arnasteko eta beste bati CO2-tan aberatsa zen airea. Teoriari jarraituz, oxigenoa arnastu zutenek aharrausi gutxiago egin beharko lukete, eta besteek gehiago. Baina ez zen ez bata ezta bestea ere gertatu. Gainera, teoria horrek ez du azaltzen zergatik kutsatzen den aharrausia argazki bat ikusita, edo zergatik haur txikiak ez diren kutsatzen.

Sei urtetik beherako haurrak ez dira aharrausiekin kutsatzen.

Beste teoria baten arabera, aharrausia da atsedenaldiaren eta erne egotearen arteko trantsizioa, edo kontrakoa. Adibidez, autoa gidatzen goazela aharrausi egiteak adi jartzea eragin dezake. Eta, beste muturrean, interesik sortzen ez digun jarduera batek aharrausika hastea eragingo digu. Horrela, gure gorputza jarduera-maila berrira egokitzeaz gain, ingurukoei ere horren berri emango diegu. Horren haritik, azaldu daiteke zergatik den kutsakorra: gizakiak, animalia taldekoia izanda, aharrausiaren bidez adierazten die taldekideei bere egoera zein den, haiek ere jarduera-maila berera bultzatzeko. Taldekide guztien jarduera sinkronizatzeko-edo izango litzateke kutsakorra aharrausi egitea. Sei urtetik beherako haurrek oraindik ez dute enpatia garatu; beraz, ingurukoek haiengan ez dute eraginik, eta horregatik ez dira aharrausiekin kutsatzen.

Azkeneko teoriari kontra egiten dion argudiorik ez dago, aharrausiaren inguruan sortu diren galderei erantzuten die, baina teoria bat baino ez da; oraindik proba eta ikerketa gehiago behar dira ideia hori indartzeko.

7K-n argitaratua.