}

Gizakiaren eboluzioan galdutako katebegia?

2009/05/21 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Ida fosila, gizakiaren eboluzioan galdutako katebegia izan daitekeena, aurkeztu dute New Yorken egindako prentsaurreko batean. Fosila 1983an aurkitu zuten Alemanian, eta duela 47 milioi urte bizi izan zen. Prentsaurrekoan esandakoaren arabera, “aurkikuntza zientifiko iraultzailea da, eta aldaketak ekarriko ditu”.

Eztabaida handia piztu du gaiak. Izan ere, zenbaiten ustez, primate primitiboen eta gizakion arteko galdutako lotura argitzen lagundu dezake fosilak. Izan ere, orain arte aurkitu den antropoiderik zaharrena dela uste dute. Beste batzuen ustez, berriz, aurkikuntza horrek ez digu informazio berririk emango.

Nazioarteko hainbat ikertzaile antropoideen jatorria aztertzen aritu dira urteetan (primate handien taldeak dira antropoideak, hau da, tximinoak, gizakia eta abar). Antropoide zaharrenaren fosila Egipton aurkitu zuten, eta duela 32 eta 35 milioi urte bizi izan zen. Geroztik, fosil zaharragoak aurkitu dituzte Txinan eta Indian, duela 45 milioi urte bizi izandakoak. Eta, ikertzaile gehienen ustez, fosil horiek ere ez dira antropoide zaharrenen fosilak. Gutxi batzuk, berriz, diote antropoideak primate-talde primitiboago batetik, alegia, adapidoetatik, datozela.

Horixe bera esan dute Osloko Unibertsitateko eta Michigango Unibertsitateko paleontologoek PloS One aldizkarian argitaratutako artikulu batean.Ondorio horretara iristeko, bereizmen-maila altuko tomografiaren bidez aztertu dute eskeletoa, eta ikusi dute Cercamoniinae izeneko adapidoen taldeko aurpegiera, hortzak eta oinak dituela. Adapidoen talde horretan sartzen dira, batik bat, antropoideak (eta gizakiak). Gainera, besteak beste, ikusi dute haren oineko orpoko hezurrak gizakiok milaka urte geroago garatutakoaren antzeko itxura duela. Hortaz, adapidoek primate primitiboen eta antropoideen arteko lotura egiten dutela diote, eta, ondorioz, gizakion arbaso direla.

Argibide horiek, ordea, ez dituzte paleontologo guztiak konbentzitu. Izan ere, beste askoren ustez, ezin dira ondorio horiek atera soilik 30 bat ezaugarri aztertuta, 200 edo 400 ezaugarri aztertzeko aukera dagoenean.

Irudia: History/Atlantic productions

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia