}

Gizakiaren Sehaskako fosilak, uste zutena baino milioi bat urte zaharragoak

2022/07/07 Galarraga Aiestara, Ana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

gizakiaren-seaskako-fosilak-uste-zutena-baino-mili
"Gizakiaren Seaska" aztarnategiko Australopithecus zaharrenetako baten garezurra. Arg. Flowcomm

Kuartzoaren isotopoetan oinarrituta, zehaztasunez neurtu dute Gizakiaren Sehaska aztarnategiko (Hegoafrika) homininoen fosil zaharrenen adina, eta uste zutena baino milioi bat urte zaharragoak direla jakin dute. Izan ere, metodo horrekin ikusi dute 3,4-3,6 milioi urte dituztela, eta, beraz, Australopithecus afarensis fosil zaharrenen garai berekoak direla (Lucy da fosilik ezagunena). Horrek hankaz gora jarri du aurrez marraztutako zuhaitz ebolutiboa, Hegoafrikakoak Lucy eta Afrika ekialdeko beste Australopithecus-en ondorengotzat jotzen baitziren orain arte.

PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Azaldu dutenez, Hegoafrikako fosil horiek zituen arrokak kuartzoa du. Kuartzoaren elementuek, tartean, aluminioak eta berilioak, izpi kosmikoen eragina jaso zuten, eta isotopoak sortu ziren: aliminio-26 eta berilio-10, hurrenez hurren. Ordutik hona izan duten desintegrazio erradioaktiboa aztertuta, zehaztasun handiz jakin daiteke zer adin duen kuartzoak. Metodo hori inguruko jalkinen adina kalkulatzea baino askoz ere zehatzagoa da, beraz, lehen kalkulatutako adina baztertu (2,1-2,6 milioi) eta milioi bat urte zaharragoak direla baieztatu dute. Horrenbestez, Afrika ekialdea ez ezik, hegoaldea ere funtsezko tokia da giza eboluzioaren lehen garaiak ulertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia