Gizakien genealogia bateratua aurkeztu dute
2022/02/24 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Antzinako eta egungo milaka genomen sekuentziak konbinatuta, orain arteko giza genealogia osotuena proposatu dute nazioarteko hainbat ikertzailek. Orain arte, erronka zientifiko ikaragarria izan da metodo eraginkor bat lortzea, sekuentziazio-datu horien guztien oinarrian dagoen genealogia agerian jartzeko. Metodologia estatistiko eta konputazional berri bat erabili dute horretarako. AEBko, Erresuma Batuko eta Austriako ikertzaileek garatu dute, elkarlanean.
Metodologia berria erabilita, azken urteotan sekuentziatu diren milaka antzinako genomak aztertu dituzte. Baina ez da baliatu duten informazio-iturri baliotsu bakarra: biobankuek helburu medikoekin egungo genomak sekuentziatzen egin duten lan eskergak ere informazio baliotsua eman die; baita milaka espezie eukariotoren genomak sekuentziatu izanak ere. Denen artean, banakoen, populazioen eta espezieen arteko erlazioak zehazteko informazio baliagarria eta osagarria sortu dute.
Zuhaitz filogenetiko baten kontzeptua du oinarrian metodologiak, baina denboran eta espazioan kokatua. Zuhaitz-sekuentzia deitu diote, eta aldaera indibidualen historia ebolutiboa eta harreman genealogikoak uztartzen ditu. Genealogia honetan, agerian geratzen dira giza historiaren hainbat ezaugarri, jada ezagunak zirenak: esaterako, gizaki modernoen eta arkaikoen arteko desberdintasun sakonak, Afrikako irteera, eta historian zehar hainbat irlatan gertatu diren odolkidetasun-fenomenoak.
Migrazioak lehenagokoak ote?
Zuhaitz-sekuentziaren arabera, giza haplotipo zaharrenen batez besteko kokapena Afrikako ipar-ekialdean azaltzen da, espero zen bezala. Hain zuzen, Sudanen dago kokatua grabitate geografikoaren zentroa (19,4°N, 33,7°E), ehun haplotipo antzinakoenak kontuan hartuz gero (2 milioi urteko batazbesteko adina dutenak). Duela 280.000 urte ere, giza arbasoen zentro geografikoa oraindik Afrikan azaltzen da, baina jada arbaso asko azaltzen dira Ekialde Ertainean eta Erdialdeko Asian; batzuk baita Ginea Berrian ere, nahiz eta beranduagokoak izan eskualde horretan azaldutako giza arrastorik zaharrenak.
Gauza bera gertatzen da Amerikan. Zuhaitz-sekuentziaren arabera, duela 56.000 urte azalduko lirateke lehenengo leinuak kontinentean, orain arte Amerikako migrazioa aztertu denean estimatutakoa baino askoz ere lehenago. Ikertzaileek adierazi dute datu gehiago beharko direla hipotesi horiek zentzua duten ziurtatzeko.
Teknikoki oso zaila
Konplexutasun handiko lana da ikertzaileek egin dutena. Batetik, hainbeste datu-iturri eta hain desberdinak bateratzeak ekartzen duen zailtasunagatik. Bestetik, sekuentziazio-teknika desberdinak erabili direlako leku eta garai desberdinetan, eta, zenbaitetan, akatsak ere azaltzen direlako. Datuen jabetzak eta eskuragarritasunak lana are zailagoa egin diela aitortu dute ikertzaileek.
Zailtasunak zailtasun, metodologia berria eta ikerketaren emaitzak Science aldizkarian argitaratu dituzte, ekarpen zientifikoa egin dezakeelakoan. Izan ere, ohiko analisi estatistikoek datuak murriztea eta eredu parametrikoak doitzea eskatzen dute, eta, ondorioz, giza historia ebolutiboak berezkoa duen konplexutasuna sinplifikatzen duen irudia ematen dute maiz. Proposatzen duten metodologiak arazo horietako asko ebazten dituela adierazi dute ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia