Gizeh-ko piramide nagusian barnebide berria
1993/06/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azken aleetan gaurkotasun handiko gaia erabili dugu, zulo beltzen zenbait bitxikeria azalduz. Oraingo honetan berriz, erabateko aldaketa joko dugu, astronomia garatzen hasi zeneko garaiaz arduratuko garelarik. Horretarako aitzakia aurreko hilean Egiptotik iritsitako berri bat da, eta Astronomia aldetik bere edukina txikia bada ere, herririk zaharrenek ere Astronomiarekiko izan duten ardura erakusten da.
Aipatutako berriak dioenez, zientzilari aleman talde batek beste gela bat aurkitu du Gizeh-ko Piramide nagusian, 65 m-ko luzerako barnebide baten buruan. Barnebide honen malda laurogei gradukoa baino pixka bat handiagoa da eta R. Bauoval egiptologo belgikarraren ustez, piramidea eraiki zenean Canis Maior Konstelazioko Sirius izarrerantz zuzenduta egin zen. Izar hau Lurretik distiratsuen ikusten dena da. Egiptiarrek Shotis deitzen zioten eta Isis jainkosaren iruditzat hartzen zuten.
Antzinako zientzia aztertzeko bi arlo nagusi (eta ia bakar) kontutan hartu behar izaten dira: Astronomia eta Matematika. Dena den, kasu hauetan ere garapena ez dator jakingurak edo fenomeno ezberdinen zergatia aurkitzeko interesak bultzatuta; eguneroko premiek bultzatuta baizik. Matematika, adibidez, merkataritzarako zen beharrezkoa (aritmetika) eta eraikuntzarako nahiz lurrak neurtzeko (geometria) ere bai. Kontuan izan behar da, Nilo ibaiaren urteroko uholdeen ondoren, lurren banaketa berriz egin behar izateak egiptiarrei agrimentsura-arloan arazo handiak sortzen zizkiela.
Astronomia garatu izatea, berriz, ez da harrigarria. Ortzearen presentzia nabarmena zen eta astroen higidura periodikoek, denbora neurtu eta lehenengo egutegiak egiteko aukera eskaintzen zuten. Hala nola aipatu ditugun Niloren uholdeak oso maiztasun zehatzari jarraitzen zitzaizkion, eta, zer esanik ez, uholdeak noiz iritsiko ziren aurresateko egutegia egitea premiazko arazoa zen. Lehenago ere esan dugunez, garai hartan lortutako ezagumenduen multzoa ez zen fenomenoak azaldu edo elkar lotzeko egarriz eskuratu, baina zientziaren garapenerako lehenengo urratsa, datu-bilketa, nahikoa zehatz egiten zuten. Lan arduratsu horren ondorio izan zen Sirius izarraren “irteera heliakoa” Nilo ibaiaren uholdeak hastearekin erlazionatzea.
Astro baten irteera heliakoa, egunsentian gertatzen den lehenengoari deitzen zaio. Eguzkia atzetik berehala datorrenez, bere argitasunak estali egiten du astroarena, azken hau oso denbora laburrean baino ikusten ez delarik. Kasualki, bada, Siriusen irteera heliakoa Niloren uholdeak hastear zeudenean gertatzen zen, eta horregatik, Sirius haien iragarletzat hartu zuten.
Gizaki primitiboarentzat astroak berezko gurtza-objektu baziren, azaldu dugunaren antzeko kointzidentziek pentsaera hori sakonago errotzeko balio izan zuten, azken buruan Ortzeko eta Lurreko fenomenoen arteko lotura kausal baten esistentziaren sinesmena finkatu zelarik. Honek astrologiaren garapena eragin zuen, eta zer esanik ez, ortzearen azterketaz, datuen bilketetaz eta ondorengo interpretazioaz arduratzen zen sazerdotegoaren boterearena ere bai.
Esan dugunaren ondorio logikoa da, halaber, astronomiaren erabilera erlijiosoa. Horren lekuko ditugu, adibidez, piramideak. Gizeh-ko Piramide Nagusia, Keops faraoiaren hilobia, K.a. 2500. urte inguruan eraiki zen, norabide astronomiko jakin batzuei jarraituz. Oina 230 m-ko luzerako karratua da eta aldeak iparralde-hegoalde eta ekialde-mendebalde norabideetan oso zehatz daude.
Sei milioi tonako egitura honen barruan, zenbait barnebide eta gela ere ezagutzen ziren, baina beste piramide batzuetan ez bezala, honetan ez da orain arte ezer aurkitu: ez eraikitzailearen momiarik eta ez altxorrik. Irudian ikus daitekeenez, lehendik ezagutzen diren barnebideak (1 eta 2) Orion Konstelazioaren gerrikorantz eta "alfa draconis" izarrerantz apuntatuz eginak dira hurrenez hurren. Orionen gerrikoaren izarrak Osiris jainkoaren adierazpena dira eta “alfa draconis” Rer jainkosarena. Azken izar hau, bestalde, aztertzen ari gareneko garaian, gaur egun izar polarra dagoen inguruetan zegoen.
Aipatutako gela berriz, 65 m-ko barnebide baten bukaeran aurkitu da. Lehen barnebide hori 8 m luzekoa eta itsua zela uste zen. Bere zabalera eta altuera 20 cm-koa baino ez da. Hori dela eta, azterketa bideo batez hornitutako robot txiki baten bidez egin da, R. Gantebrink robotgilearen zuzendaritzapean.
Hainbestetan gertatzen den bezala, lantalde hau beste helburu batez ari zen lanean; “Elhuyar. Zientzia eta Teknika” martxoko alean M. E. Laguens eta E. Ezpeletak “Esfingearen enigma” izenburuko artikuluan aipatzen duten arazoetako bati konponbidea aurkitu asmoz, hain zuzen ere (turismoak sartzen duen poluzioa, edo zehazkiago esan, turista bakoitzak arnasa eta izerdiaren bitartez piramidearen inguruetan uzten dituen 20 gramo uren eragina da arazoa). Horregatik, robotaren lan berezia piramide barruko aire-korronteak aztertzea zen. Aurkitu ere aurkitu ditu korronte horien aztarnak.
Barnebidearen bukaeran dagoen atetxoak alboetan uzten dituen 2 mm inguruko zirrituak hauts beltzez itxita daude. Hauts hori ezin daiteke harriarena izan, berau hartzuri ala kararri horia delako. Beraz, gelaren barrutik ekarritakoa da. Garraiabidea aire-korronteak dira, noski. Bestalde, korronte horiek egoteak gelak nahikoa handia izan behar duela pentsarazten du. Beste azken argibide bat ere lor daiteke hautsaren koloretik. Beste piramide batzuek aztertuta dakigunez, hauts beltza egurraren eta ehunaren deskonposizioak sortzen duen materia organikoa izan liteke. Hala balitz, gela honeta faraoiaren altxorra edo momia bera ere aurki litezke.
Irudian ikus daitekeenez, oraindik iparralderantz dagoen beste barnebide bat dago aztertu gabe.
EGUZKIA : ekainaren 21ean, 8 h 59 min-etan (UT) Cancer-en sartzen da. Beraz, Uda hasiko da.
Ilargi-eklipse osoa: ekainaren 4ean, baina Euskal Herrian ez da ikusten. Amerika, Alaska, Australia eta Asian ikusiko da. PLANETAK MERKURIO : hilaren erdi aldera ikusi ahal izango dugu, iluntzean. Ekainaren 17an elongazio maximotik (25°) pasatuko da. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia