Glaziarren sekretuak agerian
2001/03/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ikertu duten Mendebaldeko Antartikoko izotz-geruzaren azalera Estatu Batuak eta Mexikok artzen duten lurrazalera baino handiagoa da, eta, egindako lau zuloetan barrena, 1.200 metroko sakoneran izotz-zunda bat sartu dute. Izotz azpian errekak ikusi dituzte, baita glaziarrak hondoari kendutako arroka-puskak uste baino askoz azkarrago garraiatzen direla ere. Zientzialariek diotenez, izoztutako kontinentearen historia geologikoari buruzko balio handiko informazioa jaso ahal izan dute.
Aurretik egindako azterketek, glaziarra nabarmenki urtzen denean, eragina mundu osoko itsas mailan antzematen dela erakutsi zuten. Orain izotza kontinentetik itsasora nola jariatzen den hobeto aztertu dute. Ikerketa "Ice Stream C" izeneko eremuan egin dute; han, orain dela 150 urte, izotzak bat-batean eremu jakin batean jariatzeari utzi zion. Glaziarrean barrena bi kamara eta argia zituen zunda jaitsi zuten eta izotzaren azpialdean zegoen ur-sistema ikusi ahal izan zen. Toki batzuetan, urak betetako tarteak 1,4 metroko altuera zuen.
Bestalde, ikerlariak oso harrituta zeuden aurkitutako arrokak eta hondakinak non zeuden ikusita. Ordura arte, hondakinak izotzetan hondotik hasi eta bi metrotik goragoko altueran ez zirela egoten uste zuten. Baina izotz-zundak egindako neurketen arabera, arroka eta hondakin horiek hondotik 26 metrora zeuden. Zundak izotzean geruzak zeudela agerian utzi zuen. Ikerlarien ustean, ur-lasterra, izotza eta arroka-puskak batera izoztu ziren. Izotz-lasterraren etengabeko mugimendua dela eta, agian ura arroken azpira sartuko zen eta, izoztean, arrokak goiko geruzetan geldituko ziren.
Horretaz gain, zundari sentsore biologikoak itsats dakizkioke, Antartikoko izotz-geruzan bizidunak aurki ahal izateko. Izan ere, mendiko glaziarren azpian mikroorganismoak badaudela jakina da, han tenperatura epelagoa delako eta ur-kristaletan elikagaiak daudelako harrapatuta.
Orain egindako ikerketa hori beste planetetan azterketak egiteko aurrerapauso bat izan da eta, gainera, Europa ilargiaren, Marteren eta lurreko beste izotz-geruzen azterketen datuak ulertzeko informazioa lortu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia