}

GLP-1 errezeptorearen agonistek asebetetzea nola sortzen duten argitu dute

2024/06/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

glp-1-errezeptorearen-agonistek-asebetetzea-nola-s
GLP-1 agonisten mekanismoa argitu dute. - Arg. ktsdesign/Dollar Photo Club

Azken aldian, ikerketa asko ari dira egiten GLP-1 errezeptorearen agonistei buruz. Hain zuzen, obesitateari aurre egiteko eraginkorrak direla frogatu dute, eta, horrekin batera, beste ondorio batzuk ere badituztela ikusten ari dira. Orain, Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, asebetetzea zer mekanismoren bidez eragiten duten argitu dute.

Ikertzaileek azaldu dutenez, GLP-1 errezeptorearen agonistek elikagaiekiko kognizioa aldatzen dute, janariak hipotalamoan eragiten dituen seinaleak txikituz eta ahosabaian sortzen duen pertzepzioa aldaraziz. Hortik ondorioztatu zuten agonistek jan aurretik eragiten dutela.

Hala, ikertzaileek saio kliniko bat egin dute obesitatea duten pertsonekin, ikusteko zer asetasun duten oinarrizko egoeran, jan aurretik, eta jan ondoren, bai tratamendua hartzen dutenekin, bai hartzen ez dutenekin. Emaitzen arabera, tratamenduak hiru egoeretan igoarazten du asetasun-indizea. Aldiz, kontrol-taldekoetan, asetasun-indizea jaitsi egiten zen jan aurretik. 

Horrez gain, agonistekin elkarrekintza duten neurona-zirkuitu batzuk identifikatu dituzte hipotalamoaren eremu dortsomedialean. Optogenetika eta kaltzio-iruditeriaren bitartez, frogatu dute neurona-zirkuitu horiek parte-hartze zuzena dutela janariarekiko desira apaltzean.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia