}

Goazen Jainkoen mezulariari bisita egitera!

2004/08/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Mezulari bat mezulariaren bila: Merkurio jainkoen mezularia zen erromatarrentzat, eta izen hori jarri zioten Eguzkitik gertuen dagoen planetari. Orain NASAk Messenger zunda bidali du Merkuriorantz, planeta horren sekretuak agerian uzteko asmoz.
Mariner 10 espazio-ontziak duela 30 urte ateratako argazkietan, ondo ikusten da azala kraterrez beteta duela.

Messenger zunda duela hiru aste eta erdi atera zen Merkurio aldera, hilaren 3an hain zuzen; beraz, egunkarientzat berria zaharkituta gelditu da. Baina misioaren iraupenari begiratzen badiogu, albistea fresko-freskoa da oraindik. Izan ere, Messenger ez da 2011ra arte sartuko Merkurioren orbitan. Bitartean, gorabeheraz betetako bide luzea egingo du.

Lurretik Merkuriora 91 milioi km daude, baina zundak 7.900 milioi km egingo ditu Merkurioren inguruan biraka hasi arte. Kontua da espazio-ontziak ez direla zuzen-zuzen joaten beren helmugetara; erregaia aurrezteko planeten grabitate-indarraz baliatzen dira.

Hala, Messenger behin baliatuko da Lurraren grabitateaz, bitan Artizarrarenaz eta Merkurioren beraren grabitateaz ere baliatuko da, hirutan. Azkenean, kilometro horiek guztiak eginda sartuko da Merkurioren orbitan. Nolanahi ere, ez du denbora alperrik galduko, bidean hainbat datu bilduko baititu. Hala ere, datu gehienak Merkurioren inguruan biratzen pasatuko duen urtean bilduko ditu. Orduan, astronomoek Merkuriori buruz dituzten galdera asko eta askori erantzun ahal izatea espero dute.

Nolakoa da Merkurio?

Hori da jakin nahi dutena, nolakoa den Merkurio: zein den bere bihotzaren egitura eta izaera, zergatik apenas duen atmosferarik, zer dagoen izotzezko poloetan, zergatik den hain indartsua bere eremu magnetikoa, zein den bere historia geologikoa... Horiexek dira NASAk argitu nahi dituen galdera nagusiak.

Messenger hilaren hasieran bidali zuten Merkuriorantz, baina 2011ra arte ez da planetaren orbitan sartuko.

Beste gauza asko badakizkite; adibidez, Eguzkitik gertuen dagoen planeta izan arren, ez dela eguzki-sistemako planetarik beroena. Bai, harritzekoa bada ere, Artizarrak du ohore hori, nahiz eta Eguzkitik urrutixeago dagoen. Merkurioren atmosfera oso mehea da, eta beroak alde egiten du; aldiz, Artizarraren atmosferak berotegi-efektua sortzen du, eta horregatik ditu hain tenperatura altuak planeta horrek. Merkurioren azalean tenperatura 450 °C-koa izatera iristen da;Artizarrean, berriz, 482 °C ere harrapatzen dira.

Beraz, tenperatura altuena ez du, baina bai oso tenperatura altua. Eta, aldi berean, baita oso-oso baxua ere: Eguzkiak jotzen ez duen tokietan, benetan hotz egiten du, eta tenperatura –185 °C-koa izatera iristen da. Hori ere atmosfera-gabeziari sor dio; beroa ez da hedatzen atmosferaren bidez planetaren alde batzuetatik besteetara.

Gainera, Merkurioren ardatza ez dago Lurrarena bezala okertuta Eguzkiarekiko, eta, horregatik, Eguzkia ezin da sartu Merkurioren azaleko kraterren sakon-sakonera, eta poloetan ere benetan hotz egiten du. Lurretik egindako behaketetan, poloetan izotza dagoela ikusi dute. Zein da izoztutako materiala, ordea? Ur izoztua da, edo beste zerbait, silizea esaterako?

Espazio-ontziak estalki berezi bat darama Eguzkiaren beroari aurre egiteko.

Egia aitortzeko, ez dago inolako arrazoirik izoztutakoa ura dela pentsatzeko, teleskopioek jasotako isla besterik. Beraz, Marterekin ez bezala, oraingoan ez da biziaren inguruko espekulaziorik egin. Ez bakarrik urik ez dagoelako; muturreko tenperaturek ere ez dute Merkurio oso toki atsegina egiten. Hala ere, batez ere atmosfera-gabeziak mugatzen du bizia: hutsean ezinezkoa da bizia sortzea eta irautea.

Kontrastez betetako planeta

Merkuriok, lehen begiradan, Ilargiaren antza dauka: txikia da, eguzki-sistemako bigarren planeta txikiena, Plutonen atzetik. Lurrarekin alderatuta, Lurra saskibaloiko baloi bat bada, Merkurio golf-pilota bat da. Azala kraterrez beteta du, ez baitauka zerua zeharkatzen duten arrokak eta asteroideak geldiarazteko atmosferarik. Mariner 10 espazio-ontziak duela 30 urte ateratako argazkietan antzematen den krater handienak 1.300 km-ko diametroa du. 1.300 km, alajaina!

Egiaz, ordea, ez du Ilargiaren batere antzik. Ilargia arrokatsua da, eta Merkuriok bihotz trinkoa eta arrokarik gabeko azal biluzia dauzka. Messenger-ek argitu beharreko kontuetako bat horixe da, hain zuzen, ea azala beste zerbaiten aurka talka egitean galdu zuen, edo Eguzkiaren eraginez izan den, edo horrelaxe sortu zen, orain dagoen tokian.

Merkurioren sekretuak argitu nahian, Messenger espazio-ontziak urtebete pasatuko du planetaren inguruan.

Beste ezaugarri batzuk jakinak dira, adibidez, orbita: Eguzkiari bira egiteko Lurrak baino denbora gutxiago behar du, Lurreko 88 egun, hain juxtu. Alabaina, eguna oso-oso luzea da Lurrekoarekin alderatuz, Merkurioko egun batek Lurreko 176 egun irauten du; hau da, Merkurioko egun batek hango bi urte irauten du.

Messenger bidaiari prestua

Dena dela, Messenger ez doa gauza jakinen atzetik, ezezagunak argitzera baizik. Horretarako, besteak beste, kamera bereziak daramatza, kolore bakarreko eta koloretako irudi estereoak biltzeko eta Merkurioren mapa osatzeko. Azala aztertzeko, gamma izpiko eta neutroien bidezko espektrometroak ditu, eta azaleko materialak aztertzeko X izpiak erabiliko ditu. Magnetometro baten bidez, eremu magnetikoaren mapa egingo du, eta topografia egiteko laser bidezko altimetroa darama.

Hala ere, zaila izango da Merkuriori buruzko guzti-guztia azaltzea, eta Europako eta Japoniako espazio-agentziek dagoeneko jakinarazi dute Merkuriora elkarrekin joateko asmoa dutela. 2011-2012an bi espazio-ontzi bidali nahi dituzte mapa zehatza egiteko eta magnetosfera aztertzeko. Hortaz, hainbeste urtean bake-bakean utzi duten planeta bisitak jaso eta jaso arituko da laster!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia