}

Gore-Tex xafla bat, buruko mina sendatzeko

2009/11/22 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Nork ez du izan noiz edo noiz buruko minik? Segur aski, denok izan dugu noizbait buruko mina; eta berez joan ez bazaigu, analgesiko bat hartuta kendu izan dugu. Imajinatzen al duzu, ordea, urte eta erdiz buruko min hori kendu ezinik egotea? Gau eta egun minez egotea, edo mina arintzeko etengabe botikak hartzen egon behar izatea? Horixe gertatu zaio, hain zuzen ere, Bilboko emakume bati.
Buruko min guztiak ez omen dira berdinak. Ez zaio arrazoirik falta esaldi horri.
Artxibokoa

Urte eta erdiz buruko min handiak pairatu ditu. Duela hilabete batzuk, ordea, ebakuntza baten bitartez, mina kentzea lortu dute Nafarroako Unibertsitatea Klinikako medikuek. Buruan ez ezik, ahoaren barrualdean, faringean eta belarrian zuen mina emakumeak. Makina bat proba egin zituen gaixoak hango eta hemengo osasun-zentroetan, mina zerk sortzen zion argitu nahian. Paziente bilbotarra Nafarroako Unibertsitate Klinikara iritsi zenean, dagoeneko bazekiten zerk sortzen zion gaixotasuna , beste zentro mediko batean egiaztatu baitzioten. Hala ere, Iruñean erresonantzia magnetiko bidez berretsi zioten diagnostikoa, ezertan hasi aurretik. Izan ere, operatu duten kasua oso noizbehinka agertzen den patologia bat da, eta, hortaz, oso espezialista gutxik dakite nola heldu kirurgikoki.

Honela zegoen ebakuntza egin zioten egunean ebakuntza-gela.
Nafarroako Unibertsitatea Klinika

Dena den, ebakuntzaren azalpenetan sartu aurretik, argitu dezagun zerk sortzen zion min kronikoa gaixoari. Buruaren atzealdean dagoen nerbio batek ikaragarrizko konpresioa eragiten zion. Konpresio horrek oso min handiak eragiten zizkion pazienteari. Are gehiago, min ikaragarri horiek okertu egiten ziren hitz egitean, irenstean edo ukitzean. Arteria batek zanpatzen zion buruko nerbio hori; adinarekin itxura edo forma aldatu zuen arteria batek, hain zuzen ere. Izan ere, adinarekin batera arteriek izaten dituzten arteriosklerosi-prozesuek eragin dezakete arteriek forma aldatzea. Medikuen esanean, arteriosklerosiaren eraginez, berez kiribil bat eratzen zuten hodiak luzatu egin daitezke, eta ondoan duten nerbioren bat konprimitzen hasi, lehen ukitzen ez zuten nerbio bat. Horixe bera gertatu zitzaion emakume bilbotarrari buruaren atzealdean. Oro har, horrelako sintomak 50 urtetik gorako pertsonetan agertzen dira. Adinaren ajeak ote? Nolanahi ere, nahi baino buruko min gehiago sortu zizkion emakumeari.

Buruko min bat gutxiago

Gore-Tex xafla txiki bat jarri zioten buruan gaixoari.
Nafarroako Unibertsitatea Klinika

Ebakuntzaren bitartez, kontu handiz banatu zituzten nerbioa eta nerbioa konprimitzen zuen arteria, eta bereizi egin zituzten. Bereizitakoan, bitxia dirudien arren, Gore-Tex xafla txiki bat jarri zioten, berriz ere elkar uki dezaten saihesteko. Izan ere, garrantzitsua zen oso behin betiko bi horiei ondo bananduta eustea. Azken finean, Gore-Tex xafla jartzea segurtasun-neurri gehigarri bat izan zen. Nerbioa eta nerbioa konprimitzen zuen arteria elkarrengandik bereizita mantentzeko modu seguru bat, alegia. Prozedura hori arteriek eta zainek konprimitutako edozein nerbiotarako erabil daiteke.

Ebakuntzak ia lau ordu iraun zuen, eta ebakuntza ondokoa behar bezala joan zen. Lehenengo 24 orduetan, Zainketa Intentsiboen Unitatean egon zen gaixoa. Ez zenez konplikaziorik sortu, solairuan ospitaleratu zuten, eta sei egunez izan zen han. Mina guztiz desagertu zen ebakuntzaren ondoren, eta, hortaz, gaixoari kendu ahal izan zioten, pixkanaka, aurretik agindutako analgesiko-medikazio guztia. Lasaitu ederra hartuko zuen emakumeak urte eta erdian berekin izan duen buruko mina gainetik kenduta!

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia