Gorila-taldeetako hierarkia
2001/07/19 Elhuyar Zientzia
Gorilak ibaietako ura erabiltzen dute borroka hierarkikoan.
Lur beheretako basoetan bizi diren gorilak (mendiko basoetan bizi ez direnak) ibai eta laku txikietara maiz gerturatzen dira janaria lortzeko. Toki horietan landare urtarrak aurkitzen dituzte jateko. Baina jateko ez ezik, gorilek elkargune horiek harreman sozialak lantzeko ere erabiltzen dituzte. Izan ere, bost talde inguru elkar daitezke ibai baten inguruan.
Han izaten diren putzuetan, arrek zipriztinak ateratzen dituzte urarekin. Horrela, beste taldeetako arrak mehatxatu eta emeen aurrean erakusketa erakargarriak egiten dituzte. Uraren bitartez egitea oso eraginkorra da, urrutitik erraz ikusten delako. Richard Parnell zoologoak Kongoko Nouabale-Ndoki parke nazionaleko gorilei jarraitu eta jokabide hori ikertu du.
Zipriztin gehien ateratzen dutenak taldeetan integratuta ez dauden gorilak dira. Parnell-ek dio txinpantzeek ere horrelako jokabidea izaten dutela. Beraz, uraren bitartez komunikatzen diren animalia lurtarren zerrenda handituz doa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia