}

Gorosti: natura ezagutuz

1987/06/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Grabagailura kaseta hartu eta ondoko elkarrizketa hau eduki genuen, Tuteran jaioa eta Burlatako Institutuko Biologi Katedratiko den Luis Miguel Garcia Bonarekin.
Luis Miguel García Bona.
Joxerra Aizpurua

Larunbat goizeko bederatziak dira. "Radio Pamplona" delakoaren parean autobusa nire zain dago, lepahezurreraino beteta. 20 urteko neska-mutilak 50 urteko andre-gizonekin nahasturik daude. Hala ere, Begoña Ujer-ek leku bat prestatu du bere ondoan ni eser nadin. Autobusa irten da eta aurrean dagoen Luis Miguel Garcia Bona-k mikrofonoa hartu du. Etxauriko haitzen historia geologikoaz hitzegiten ari da. Bertako lurren ezaugarriak adierazten ditu eta errepidearen ezkerraldean ikusten ditugun makal kanadiar eta haltza beltzei buruzko ezaugarriak ere bai.

Santa Engraziako ermitaren azpian lehenengo geldiunea egin dugu. 20 minutuko ibilaldian Luisek bidean edo bide-bazterrean ikusten diren zuhaitz, landare eta harkaitzen bizitza ekologikoaren berri eman digu. Izen tekniko gutxi aipatzen du. Naturaren logika aplikatuz, zergatik zuhaitz-mota hauek eta besteak ez, zergatik hemen sasiak dauden eta hor ez, zergatik nahiz eta guztiek zapaldu bide-erdian dagoen landare honek bizirik irauten duen etab. azaltzen digu. Hau da, natur zientziak dibulgazio eran lantzen ditu.

Autobusera sartu eta berriro errepideari jarraitzen diogu. Bigarren geldiunea, eta nagusiena, Eraulen egin dugu. Irantzuko Monastegiko bidea hartu eta aurrekoan bezala Luisek mila xehetasun eta azalpen eman digu oinez goazen bitartean.

Tximistak jotako zuhaitza.
Joxerra Aizpurua

Bazkalosteari dagokion patxadaz, grabagailura kaseta sartu eta ondoko elkarrizketa hau eduki genuen, Tuteran jaioa eta Burlatako Institutuko Biologi Katedratiko den Luis Miguel Garcia Bonarekin.

Elh.: Noiz eta nola hasi zen Gorosti? Zein helburu ditu?

Luis: ANAN natur zientzi elkartea desagertu zenean, hutsune bat geratu zen Nafarroan natur zientzien arloan. Orduan, ekintza batzuk antolatu nituen, hala nola, natur asteak, onddo eta flora-erakusketak, ibilaldi botanikoak, etab. Ekintza hauetarako " Principe de Viana " erakundeko eta Nafarroako Diputazioaren laguntza eduki nuen eta jende-talde bat bildu zen ekintza haien inguruan.

Talde hartako partaideak, biologo, maisu eta afizionatuak ziren batez ere, eta honela sortu zen Gorosti elkartea. Helbururik garrantzitsuena, dibulgazio-iharduerak edozein pertsonarentzat antolatzea izan zen. Prozesu hau orain dela 3 urte gutxi gorabehera gertatu zen eta lehen urtea izugarri mugitua izan zen: jendearen aurrean gure elkartea aurkezteko iharduera ugari antolatu bait genuen.

Arestian aipatu dut zein den helbururik nagusiena, baina, beste helburu batzuk ere baditugu.

Santa Engraziako bidean arteez inguraturik.
Joxerra Aizpurua

Alde batetik, ikasketak bukatu berri dituzten guztiei laguntza eta gure esperientzia eskaini nahi dizkiogu. Bestalde, edozein gizasemek natur zientziako gairen bati buruz kontsultarik egin behar badu, horretarako leku bat ere eskaini nahi diogu. Erakunde publikoetatik etortzen zaigun eskaintzari ere erantzuten diogu. Horregatik, irakasleentzako ikastaroak, gazteentzako natur konponketak, etab. antolatzen dira.

Gure ekintzen artean, dudarik gabe, Aranzadi izeneko baserri-eskolaren zuzendaritza eramatea da garrantzitsuenetakoa. Baserri-eskolak 50 ikasle dauzka eta bertan gure elkarteko sei irakasle aritzen dira lanean. Ikasleei nekazaritza eta abeltzantzarekin erlazionatuta dagoen guztia erakusten zaie. Sekain-lurretako nahiz ureztatutako lurretako nekazaritza, oilo, ardi, behi, zerri, untxi, zizare, marraskilo, erle, etab.en hazkuntza eta gazta, txorixo, mami, urdaiazpiko etab.en lanketa erakusten zaizkie.

Elh.: Nola erantzuten die jendeak zuen ekintzei?

Luis: Erantzuna ona da, eta gero eta hobea. Hasieran, gure burua ezaguterazi behar genuelako ekintza asko antolatu genuen. Baina, gaur egun prestatzen ditugun ekintzak talde txikientzat dira, hau da, 60-100 bitarteko taldeentzat; gero eta kalitate hobea nahi bait dugu.

Elh.: Zeintzu dira zuen finantzazio-bideak?

Edozein harri-puskak baditu bere ezaugarriak.
Joxerra Aizpurua

Luis: Lehen esan dut, elkartea sortu aurretik " Principe de Viana " erakundeak sustatzen zituela antolatutako ekintzak. Baina, elkartea sortu eta gero, egoera aldatu egin zen eta instituzioetatik datozkigun eskaerak guztiz finantzatzen badizkigute ere, ez da gauza bera gertatzen gure kasa antolatutako ekintzetan; hauetan kostu osoaren zati bat bakarrik finantzatzen bait digute. Beste diru-iturri bat bazkideen bitartez lortzen duguna da. 300 bazkide ditugu gutxi gorabehera eta bakoitzak 1.800 pta. ordaintzen du urteko.

Elh.: Zein asmo dituzue etorkizunerako?

Luis: Orain arte egindako bidea ona izan dela uste dut eta ildo beretik segituko dugu. Orain artekoa hobetu egingo dugu eta ez dibulgazio-maila bakarrik; ikerketa-maila ere landu nahi dugu. Elkartea lan-zentru bilakatu nahi dugu. Horrela edozein biologo, perito edo afizionatuk bere lana aurrera eraman ahal izango du. Aldi berean material desberdinak pilatuz museo eraginkor bat sortu nahi dugu. Bertan, ikusmaterialekin batera material erabilgarriak ipiniko dira.

Elh.: Zuek Gorosti izeneko aldizkaria argitaratzen duzue. Konta iezaguzu zein den aldizkariaren funtzionamendua.

Luis: Edozein ekintza egiten denean berari buruzko idazkirik gelditzen ez bada, ahaztu egiten da normalean. Hori gerta ez dadin, gure ekintzak burutu aurretik gidoiak prestatzen ditugu beti. Material hau bildu eta enkoadernatuta daukagu.

Arte zoragarriak ikusi genituen.
Joxerra Aizpurua

Elkartea sortu ondoren, argi geneukan aldizkariaren beharra genuela. Aldizkari honen bitartez ondoko helburuak bete nahi genituen:

    Ahoz egiten ditugun dibulgazio-lanei jarraipena ematea.
    Nafarroako naturari buruzko zenbait alderdi jendeari erakustea.
    Naturarekin erlazionaturik dauden aktualitate-gaiak tratatzea.
  • etab.

Beraz, gai klasiko deritzonak (hala nola, armiarma, perretxiko, trikuharri, etab.) aktualitate-gaiekin (hala nola, karramarro, lorategiko landareak, zumarren gaitza, etab.ekin) nahasten ditugu.

Urtero lau ale atera nahi baditugu ere, finantzazio-oztopoak direla eta, udaberrian ateratzen dugun ale honekin konformatu beharko dugu oraingoz. 2.000 ale ateratzen ditugu eta salgai dago liburudendatan.

Elh.: Beste ezer aipatzekorik ba al duzu?

Luis: Bukatzeko, bi ekintza aipatu nahi nituzke bereziki. Batetik ONCE (Itsuen elkartea) elkartearentzat azken bolada honetan antolatzen ari garen ibilaldiak. Bestetik Nafarroako monumentu megalitikoen markaketa.

Erauletik abiatu ginen.
Joxerra Aizpurua
Elh.: Mila esker, Luis.

Arratsaldeko bost t'erdietan bukatu genuen ateraldia.

Ondoren, autobus-geltokira sartu nintzen eta kafea hartzen nuen bitartean, egunean zehar izandako esperientzia ordenatu nahian aritu nintzen. "Esperientzia hau ezin al da beste euskal probintzietara hedatu?" pentsatu nuen. Baina, segituan aurkitu nuen erantzuna: "Aranzadi badaukagu" . Hori bai, Aranzadi goimailako ikerketetan aritzen da. Ez al da posible Gorostik dibulgazio-arloan egiten duenaren antzekoa beste lekuetan ere egitea? Aranzadikoek dute erantzuna.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia