Grafenoarena da etorkizuna
2007/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tresna elektronikoen industrian, osagai gero eta txikiagoak egiten dituzte, tresna txikiagoak eta, era berean, konplexuagoak egin ahal izateko. Osagai horiek egiteko gehien erabiltzen duten materiala silizioa da. Industria-aurreikuspenek diotenez, ordea, 2020 urtea aldera siliziozko tresnak txikitzeko mugara iritsiko dira, eta ordezko materialen bat bilatu beharko dute tresna txikiagoak lortzeko. Manchester Unibertsitateko ingeniari-talde batek dio material hori grafenoa izango dela.
Grafenoa atomo baten lodiera duen xafla bat da, karbono-atomoz egindakoa. Giro-tenperaturan oso egonkorra, malgua, erresistentea eta elektrizitatearen eroale ona da. Silizioa, ordea, tamaina jakin batetik behera, oxidatu eta deskonposatu egiten da giro-tenperaturan. Horregatik diote grafenoa silizioaren ordezkoa izango dela.
Hala ere, grafenoarekin tresna elektroniko txikiak egiteko teknikek gainditu beharreko hainbat arazo dituzte, eta, horretarako, zenbait urte beharko dituzte. Ingeniariek uste dute silizioa txikitzeko gaitasuna mugara iristen denerako grafenoarekin lan egiteko moduan egongo direla.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia