Granitoa, bizi iturri
2012/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bizia zelulabakar soilik izatetik zelulaniztun ere izatera igaro zen duela 1.500 eta 1.200 milioi urte bitartean, eta garai berean sortu zen ugalketa sexuala. Eskoziako Aberdeengo Unibertsitatean zuzendutako ikerketa batean, granitoarekin lotu dute eboluzio-bide hura orduan garatu ahal izatea. Ikertzaileen esanean, garai hartan sortu eta azkar higatutako granitoa izan zen bizi-forma konplexuek beharrezko dituzten metal astunen iturria: besteak beste, kobrearena, zinkarena eta molibdenoarena.
Duela 1.900 milioi urteko Nuna superkontinentean kokatu dute prozesuaren abiapuntua. Duela 1,8 eta 1,5 mila milioi urteko granitoa aztertuz, ikusi dute kontinentearen sorrerarekin batera izan ziren magma-isurketetan meak osatuz kristaldu zirela sulfuro mineralak, eta mea haiek oso azkar higatu zirela. Izan ere, sulfato mineralen kantitate handiak agertzen dira erregistroan duela 1.700 milioi urtetik aurrera, mineraletan aberatsak diren urak lurruntzearen ondorioz sortzen diren erakoak. Ikertzaileentzat seinale garbia da hori, sulfuro mineralen meak higatzen eta lurrazaletik gertuko uretara metal kantitate handiak iristen ari ziren seinale garbia.
Metal horien artean zeuden bizi-forma konplexuek hainbat prozesu metaboliko, proteina eta abarretan baliatzen dituztenak. Eta, ikertzaileen ustez, bata gertatzeak bidea ireki zion besteari. Edonola ere, hipotesi erakargarria izanagatik, bi fenomenoak denboran bat etortzea ez da aski kausa-efektu erlazioa frogatutzat emateko. Geology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia