Grezia sutan
2007/08/30 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Eguna joan eta eguna etorri, Greziako Peloponeso penintsulako suteen berri ari dira ematen albistegietan. Hondamendia ikaragarria dela nabarmena da, eta are nabarmenagoa satelite bidez ateratako argazkiak ikusita. ESAko iturriek adierazi dutenez, aurten Grezian sute gehiago egon dira azken hamarkadan Europako beste herrialde guztietan baino.
Greziako suteak satelite bidez zenbatu dituzte ESAn. Bi satelite (ERS-2 eta Envisat) dituzte Lurreko suteei etengabeko jarraipena egiten. Sateliteetan sentsore berezi batzuk daude; sentsore horiek lurrazaleko tenperatura neurtzen dute urrutira, eta leku jakin batean gauez 35 ºC-tik gorako tenperatura badago, sutea dagoen seinale.
Sateliteek jasotako datuekin munduko suteen mapa egiten dute, ATSR World Fire Atlas izenekoa. Eta datuak behar dituztenen esku jartzen dira ikerketarako (kimika atmosferikoa, berotze globala), suteen prebentziorako, meteorologiarako eta behar den beste edozertarako.
Argazkia: ESA.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia