Groenlandia, izen berdeko irla zuria
2001/01/31 Elhuyar Zientzia
Kanadatik oso hurbil dagoen arren, Groenlandia Danimarkako zatia da. Bertako biztanleak, beraz, danimarkarrak dira, izenez bada ere. Populazioaren lau bostenak, hala ere, inuit (eskimal) jatorrikoak dira.
K.a. 4000 eta 1000 urte bitartean Kanadako iparraldeko inuit-kulturak Groenlandiara iritsi ziren hainbatetan. Migrazio bakoitzak inuit-kultura desberdina eraman zuen irlara. K.o. 982. urtean, ordea, Groenlandiako biztanle guztiengandik erabat apartekoa zen bisitaria iritsi zen: Erik Gorria bikingoa. Erik Gorria jaiotzez Norvegiarra zen, baina Islandian bizi zen erbesteratuta. 982. urtean erailketa bat izan zela eta Islandiatik bota zuten eta nahita edo nahi gabe Groenlandiarekin egin zuen topo. Hiru urtez irla esploratzen ibili ondoren, Islandiara bueltatu eta Groenlandiarako lehen bidaia handia prestatu zuen. 500 pertsona eta 25 itsasontzi atera ziren Islandiatik baina 14 besterik ez ziren Groenlandiaraino iritsi.
1000. urterako 400 edo 5 00 etxaldek eta 3.000 bat kidek osatzen zuten jatorri europarreko biztanleria. Komunitate txiki honek 500 urtez iraun zuen, baina oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak zirela medio, desagertu egin zen. Groenlandiak Erik Gorriaren eskutik jaso zuen izena: Lur Berdea (Greenland ingelesez) deitu zion erabat maiteminduta utzi zuen lurraldeari. Batzuen ustez irlako hegoaldeko fiordo eta belazeen omenez eman zion izen hori. Beste batzuen ustez, berriz, berdea baino irla zuria zela jakin arren, emigrante gehiago erakartzeko azpijokoa izan zen izena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia