Gu eta gure sexua
2012/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eduardo Fano EHUko psikobiologoaren esanean, adibidez, "gure espezieak eta bere arbaso zuzenak ehunka mila urte daramatzate egungoa ez den ingurumen batetara egokitzen. Egokitzapen guzti horrek eraginik izan ez balu bezala aztertzen ditugu gure jokabidearen inguruko auzi asko. Hau da, nor garen ahaztu dugu, eta ez ditugu ikusi nahi izan begi-bistakoak diren zenbait fenomeno".
Horren adibidetzat jo du "beste espezie askotan bezala, anisogamiatik eratortzen den inbertsio parental bereiziak ekar dezakeen guztia".
Segidan eman du azalpena: "Gure espeziean, sexuetako batek, emeak, gameto gutxi eta handiak ekoizten ditu, eta, besteak, arrak, txikiak eta ugariak. Hortaz, emeentzako ugalketa oso garestia da, eta guretzako [arrentzako], askoz ere merkeagoa. Gainera, emeak haurdunaldian eta edoskitze garaian egiten duten inbertsioa arrena baino askoz ere handiagoa da. Horrek ekarri du, besteak beste, lehia intrasexuala arren kasuan, eta sexu-dimorfismoa, hau da, arrak eta emeak itxura-aldetik eta beste zenbait arlotan desberdintasun ugari izatea".
Hala ere, gauza batetan salbuespen txiki bat garela uste du Fanok: "Gure espeziean arrak kumeen zaintzan egiten duen inbertsioa handiagoa da gure taldeko beste primate-espezieetan baino. Hain zuzen, gure espeziean, zaintzan inbertitzeak ugalketa-arrakasta handitzea ekar dakioke". Inbertsio hori bi eratakoa izan daitekeela gaineratu du, "materiala eta presentziala, hau da, baliabide materialak jar ditzake, edo zaintza-denbora eman dezake".
Oteloren arrazoiak
Arraren inbertsio horrek emearen jagoletza ere badakarrela ohartarazi du Fanok: "Izan ere, arrak bikote batekin izandako kumeak bizi eta hazi daitezen egindako inbertsioa handia denean, asko galtzen du emeak beste ar batzuekin ugaltzerakoan, gerta baitaiteke beste ar batenak diren geneak dauzkan kumearen hazkuntzan inbertitzen aritzea".
Hori ez da gertatzen beste animalia-espezie batzuetan. Arrek oso gutxi inbertitzen duten espezieetan, emeek ez dute hain jagoletza zuzena jasaten, ez baitute inbertsio handirik galtzen. Beste bat da haien estrategia: ahalik eta eme gehien estaltzea.
Bestalde, emakumezkoek ere ez dituzte gizonezkoek dituzten arazo eta interes berberak, Fanok azaldu duenez: "Emakumezkoak gene onak lortu baditu bikotetik kanpo, eta bikotearen barruan, berriz, zaindari on bat badu, ez du arazorik. Hala ere, neurri batean, gure historia ebolutiboan zehar, gure espezieko emeari interesa liezaioke ar bati lotuta egoteak ekar dezakeen lasaitasuna, bikote den arrak taldeko gainerakoak aldendurik manten bailitzake".
Beste ikerketa batzuk ere ekarri ditu harira Fanok. Haien arabera, emakumezkoek askoz ere errazago barkatzen dute desleialtasun fisikoa gizonezkoek baino. Baina gizonezkoei emakumezkoei baino min txikiagoa egiten die desleialtasun emozionalak fisikoak baino. "Eta hori unibertsal bat dela dirudi. Nahiko unibertsal matxista, baina kontua da eboluzioak ez dituela horrelako gauzak kontuan hartu".
Horrenbestez, Fanoren iritziz, gure espeziean, bai emeek bai arrek, biek dituzte arrazoi biologikoak eta ebolutiboak bikote egonkorrak osatzeko. "Eta badira hipotesiak azaltzeko zergatik gure espezieko arrek inbertitu behar duten gehiago gertuko beste espezieetakoek baino", zehaztu du Fanok. "Adibidez, hipotesietako batek dio arrazoia haurren garapen motela dela. Izan ere, denbora asko behar du garatzeko, eta denbora horretan, gainera, inbertsio handia eskatzen du. Foley-k eta Lee-k, 1991ean, kalkulatu zuten gure espezieko haur batek lehenengo 18 hilabeteetan txinpantzeen kume batek baino % 9 baliabide gehiago behar dituela. Hori pila bat da!".
Zenbait talde eta kulturatan egindako ikerketek hipotesi horren alde egiten dutela baieztatu du Fanok. Gainera, ikertzaileek ikusi dute ugaltze-unitatean baliabide material asko inbertitzen dituzten gizonezkoek ez dutela denbora asko igarotzen semea edo alabarekin; eta alderantziz, ondasun materialak jarri ezin dituenak denbora gehiago ematen duela haren ondoan. "Gizartearen goiko mailan, aberatsenean, oso ondo ikusia dago gizonezkoak ondasun asko izatea, eta ez zaio eskatzen seme-alabekin egoteko. Aldiz, beheko mailan, askoz gehiago balioesten da seme-alabak zaintzeko eta haiekin egoteko jarrera duen gizonezkoa".
Poligamiaren eta monogamiaren artean
Fanori garrantzitsua iruditzen zaio monogamia eta poligamiaren auzia argitzea: "Kulturen gehiengo handi bat poligamikoa da. Alabaina, benetan gertatzen dena aztertuz gero, poligamikoak diren horien artean, bakarrik gauzatzen da poligamia baliabide nahikoak dituzten familietan. Hau da, musulmandar gehienek ez dauzkate lau emazte; pobreak badira behintzat, emazte bakarra izaten dute, eta, asko jota, bi".
Beraz, monogamia da ohikoena, nahiz eta poligamia onartuta dagoen. "Gure espezieko haur bat haztea eta heztea hain da garestia batez ere bere bizitzaren lehen etapatan, ezen zaintzarako joerak benetan baitu eragina ugal arrakastan". Bikoteratze-sistema horrek, gainera, gizarte osoa egituratzen duela nabarmendu du Fanok.
Beste jokabide batzuetan ere aztertu izan dute unibertsalak ote diren. "Buss eta Dunbar-ek egindako lanen arabera, kultura gehienetan emakumezkoek, batez beste haiek baino 4 urte inguru zaharragoak diren gizonezkoak aukeratzen dituzte. Zergatik?", galdetu du Fanok. Eta, jarraian, erantzun: "Zenbat eta urte gehiago izan gizonezkoek, orduan eta errazago lortzen dutelako estatus bat gizartean. Eta emakumezkoek estatus altua duten gizonezkoak ere hautatzen dituzte, ez bakarrik gene onak dituztenak".
Sexurik gabe, zer
Fanok aitortu du zaila egin zaiola irudikatzea nolakoa izan litekeen mundua, bi sexuak monomorfikoak balira eta haurrek ez balute eskatuko bi gurasoen zaintza: "Iruditzen zait mundua erabat monokromikoa bihurtuko litzatekeela. Dauzkagun ezaugarri pila bat desagertu egingo lirateke, adibidez, moda, ez bailegoke fisikoki erakartzeko beharrik partenogenesi-bidez edo ugalduko bagina. Baina bikoteka ugaldu beharko bagenu, inbertsioan ezberdintasunak sortu orduko berriro sortuko litzateke sexu-dimorfismoa".
Bestetik, bikotearen kide bakoitzak berdin inbertituko balu haurraren zaintzan, gene onen ezaugarriak gailenduko liratekeela uste du Fanok. Zalantza handiak ditu, ordea, gene onak zein ote liratekeen: "Indartsu egiten gaituztenak? Edo adimentsu egiten gaituztenak? Zer eratako adimena? Adimen emozionala gailenduko litzateke? Adimen-moten arteko oreka bat? Ezin dut imajinatu nolakoa litzatekeen gure espeziea sexurik gabe. Beste ugaztun bat ere ezin dut imajinatu, egin kontu!".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia