“Gure bizitzaren parte dira mutazioak eta minbizia”
2017/09/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nire ibilbidean zehar, modu desberdinetan ulertu dut zer den minbizia. Hasiera batean, ikuspegi nahiko estereotipatua nuen, baina, denborarekin, ulertu dut bizitzaren parte bat dela minbizia.
Guk ikasten dugu naturan badagoela oreka bat espezie guztien artean. Beren artean nolabaiteko konpetentzia bat dute, eta hoberen moldatzen dena ugaltzen da. Mutazioak gertatzen dira, eta horiek dira bizidunen artean dibertsitatea sortzen dutenak. Eboluzioaren irudi polita da hori. Bada, minbiziak egiten duena gauza bera da.
Berez ez dira txarrak mutazioak. Baina mutazio horiek hazkunde zelularra kontrolatzen den guneetan izaten badira, zelula horiek kaltetuta geratzen dira: kontrolik gabe zatitzen hasten dira, eta tumorea sortzen. Eskizofreniaren moduko gaixotasun bat dute minbizi-zelulek, eta ez dute ulertzen gorputzak zer esaten duen. Hain azkar ugaltzen direnez, gero eta akats gehiago pilatuz joaten dira, eta akats edo mutazio horiekin guztiekin, heterogeneotasun handia sortzen da minbizi-zelulen artean. Garrantzitsua da hori ulertzea.
Guk minbizi-zelulen elikaduran egiten dugu lan, hor baitago minbizi-zelulen eta zelula arrunten arteko desberdintasun sakon bat. Minbizi-zelula bat hazkunde-prozesu azkar horretan sartzen denean, behar energetiko handiak ditu. Zelula normal batek, bere osagai estrukturalak sortzeaz gain, energia lortzeko erabiltzen ditu elikagaiak neurri handi batean, bere funtzioa egin ahal izateko. Minbizi-zelulek, ordea, hazteko erabiltzen dituzte.
Gure zelula arruntak ez bezala, minbizi-zelulak batetik bestera mugitzen dira, eta ingurune desberdinetan biziraun behar dute. Hori guztia egiteko, elikadurak aukera ematen die konposatu desberdinak sortu eta, hala, energia izateko, zelulak sortzeko edo beren ingurunea moldatzeko. Azken finean, inguruko pH-a alda dezakete, inguruan dituzten proteinak aldatzen dituzte. Horretan gakoa da metabolismoa. Metabolismoa erregulatzeko botika asko daude; botika horiek balia ditzakegu minbiziaren aurka egiteko.
Bai. Minbizi-zelulek glukosa gehiago hartzen dute. PET teknikan, gaixoei glukosa erradioaktiboa sartzen zaie, eta nora joaten den ikusten da. Eta nora joaten den? Bada, minbizira. Horrela ikusten dira tumoreak. Eta beste mantenugai batzuekin ere gauza bera gertatzen da. Zelula guztiek konposatu berak dituzte, baina minbizi-zelulek oso modu desberdinean erabiltzen dituzte.
Bestetik, minbizi-zelulak gorputz baten barruan daude, eta han gertatzen diren elikagai-aldaketek ere eragina izan dezakete haiengan. Gu ikertzen ari gara gizentasunak zer eragin duen. Obesitatea duten pertsonetan, batetik, hormonak aldatu egiten dira, eta bestetik, organismoak gantz gehiago dituenez, minbiziak haiek balia ditzake elikatzeko. Diabetesaren kasuan ere, intsulina-maila altuak eragina du minbizian.
Horrekin eztabaida handia dugu laborategian, zeren, itxuraz, ingurunearen eragin sakon bat baitago. Nik uste dut bi faktore daudela: bizimodua eta adina. Gure gizarteko heriotza-kausa nagusien artean ditugu gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia… eta horiek guztiak gure bizimoduarekin lotuta daude. Bizimodua aldatu behar dugu: gizentasuna, diabetesa…
Bestalde, gero eta urte gehiagoz bizi gara. Eta minbiziaren arrisku-faktorerik handienetakoa adina da. Zenbat eta urte gehiagoz bizi, orduan eta aukera gehiago minbizia pairatzeko, bi faktorerengatik: urteekin, akatsak pilatuz joaten dira, eta, zahartuz doan heinean, gure gorputzak minbiziari aurre egiteko duen ahalmena ere gutxituz joaten da. Ugalketa-garaian gauden bitartean (30-40 urte arte), gure gorputzak oso aktibo jarduten du bere burua babesten, baina, garai horren ostean, gure babes-sistema asko ahulduz doa, eta garai horretan agertzen dira minbizi asko.
Dena den, minbizia gure bizitzaren parte bat da azken batean, eta seguruenik, nahikoa bizi bagara, guztiok garatuko dugu. Gure gorputzaren funtzionamenduagatik, zaila da ekiditen. Estimazioa da minbizien % 30 direla prebenigarriak, bizimoduaren arabera. Beste % 60 ditugu gure zelulek pilatutako berezko akatsen ondorioz gertatzen direnak, gure gorputzak eragindako akatsen ondorioz. Eta, azkenik, % 10 heredagarria da: mutazio bat jaso dugu gurasoengandik, geneen erroreak konpontzen dituzten horietan hain justu, eta, hori dela eta, minbizia sortzeko aukera gehiago dugu.
Onartu beharko dugu ezingo dugula minbizia saihestu. Gure bizitzaren parte dira mutazioak eta minbizia. Beste gaixotasunak gaindituz joango gara, baina minbiziak hor jarraituko du. Zein den gure ikuspegia? Hemendik zenbait urtera minbizi gehienak sendatu ahal izatea lortu nahi dugu.
Dena dela, badugu erronka bat: beti pentsatzen dugu zoriz sortzen diren minbizien bi heren horietan, baina badago minbizien heren bat saihestu daitekeena, eta heren horretan lan egin dezakegu. Ezagutzen ditugu arrisku-faktoreak: tabakoa, alkohola, kutsadura… Lehenengo eta behin, ken ditzagun gainetik arrisku-faktoreak, eta zaindu dezagun elikadura. Aurreikuspenek diote hemendik 20 urtera gizartearen % 80k gehiegizko pisua izango duela, eta haietatik % 40k obesitatea. Horrek ekarriko dituen gaixotasunek, minbiziaz gain, arazo larriak sortuko dituzte. Jar ditzagun hor indarrak, eta, beste aldeari dagokionez, ikerkuntzak egingo du bere lana.
Minbizia eragin, nire ustez, ez. Gure egoera emozionalak eragiten du gorputzeko ardatz batean, neuroimmunoendokrinoan. Horrek esan nahi du gure pentsaerak eta egoera emozionalak eragiten dutela gure immunitate-sisteman eta sistema hormonalean. Horregatik gertatzen da estres handiko fase bat pasatzen denean gaixotzea. Gure gorputzak hala funtzionatzen du. Baina minbiziak ez du berdin jokatzen. Hala ere, gure defentsa-sistemaren ahulezia hori kronikoa bada estresaren ondorioz, eragina izan dezake minbizia sortu eta hasiera horretan. Hori posible da.
Badago, minbiziaren kasuan, beste faktore oso garrantzitsu bat horrekin erlazionatuta dagoena: arlo psikologiko-emozionala funtsezkoa da minbizi-gaixo batek igarotzen duen prozesuan, minbizia duela jakiten duenetik hasi eta tratamendu eta prozesu osoan zehar. Horregatik, haren prozesu psikologikoa landu eta zaindu egin behar da. Gaur egun, psikologia ez dago behar bezain beste txertatuta gure osasun-sisteman, eta sartu egin behar da.
Gure oinarrizko galdera da: eragiten al dute minbiziaren portaeran zelulen elikadurak eta gure gorputzari ematen diogun elikadurak? Baietz ikusi dugu. Baina, orain, bigarren galdera bat dugu buruan: lehenengo tumore horrez gainera, metastasia sortu eta minbizia hedatzen denean, nola eragiten du metabolismoak?
Izan ere, zelula arruntak normalean ez dira beren tokitik mugitzen, baina, tumorea sortzen denean, ehun horrek ezin ditu hainbeste zelula hartu, zabaltzen hasten dira. Gainera, minbizi-zelulek mantenugai asko behar dute; hortaz, bizirauteko bideak bilatzen hasten dira, eta horregatik hedatzen da. Baina, kanpora ateratzeko, ehunen muga fisikoak apurtu behar dituzte. Gero, odolera atera behar dute —ingurune zeharo desberdina— eta bizirauteko “igeri” egin behar dute. Gero, odol-hodietatik atera, eta beste ehun batean biziraun beharko dute, erabat desberdina. Hala, milioika minbizi-zelula jariatzen dira, baina oso ehuneko txiki batek bakarrik biziraungo du: milioi bat zelulatik batek baino gutxiagok. Guk uste dugu metabolismoak eta elikadurak garrantzia dutela ingurune berri horietara moldatzeko garaian.
Hiru aurkikuntza nagusi egin dira, gako izango direnak minbiziaren aurkako tratamenduetan: batetik, tratamendu zuzenduak. Badirudi oso konplexua dela, mutazioek eragindako heterogeneotasun handi hori dela eta, minbizia gaixotasun desberdin asko baitira. Baina haien ezaugarri molekularren arabera taldekatuta eta haien ahuleziak ezagututa, lortuko dugu ikustea zehazki zer-nolako minbizia duen gaixo jakin batek, eta, horren arabera, zehaztea zein tratamendu espezifiko jaso behar duen. Gaixo bakoitzak tratamendu zehatz bat beharko du.
Bigarren estrategia da immunologia-sistema indartzea. Minbiziak fase oso goiztiarrean ekiditen du gure gorputzeko defentsa-sistema; ikusezin egiten da nolabait, eta gure defentsa-sistemak ezin dio eraso egin. Azken urteotan ikusi da nola irakats diezaiokegun immunologia-sistemari minbizi-zelulak erasotzen. Immunoterapia deitzen zaio, eta erantzun oso ona izan du orain arte tratamendurik ez zuten minbizi oso agresibo batzuetan. Bi tratamendu horiek konbinatuta, erantzun hobeak izango ditugu.
Eta hirugarren gakoa biopsia likidoa da. Zertarako hartuko dugu minbiziaren lagin bat, odolean minbiziaren aztarnak ikus baditzakegu? Minbizi-zelulen zatiak daude odolean. Gaur egun, teknikoki posible da oso kantitate txikiak detektatzea odol-analisi bat eginda. Gainera, dagoeneko saiatzen ari dira odolean mutazioak ere ikusten, minbizi-zeluletatik eratorritako DNAri begiratuta. Espero da screening bidez minbizia fase goiztiarrean detektatuko dugula eta ikusiko dugula zehazki zer ezaugarri dituen.
Hori guztia konbinatuta —tratamendu zuzenduak, immunitate-sistema indartzea eta detekzio goiztiarra eta zehatza egitea—, uste dut minbiziaren aurkako aurrerakuntza sendo baten aurrean gaudela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia