}

Gure galaxiaren erdigunean zulo beltza dagoela berretsi da

2002/10/17 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Aspalditik uste zen Esne-bideak, beste galaxiek bezala, erdigunean masa handiko zulo beltz bat duela. Baina zulo beltzak ikusteko modurik ez dagonez, orain arte ezin izan da halakorik frogatu. Fisika Estralurtarreko Max Planck Institutuko ikertzaileek galaxiaren erdigunearen inguruan orbitatzen duen izar bat aurkitu eta jarraipena egin diote azken 10 urteetan. Bildutako datuekin, hor zulo beltza dagoela frogatu dute.

Schödel-en taldeak 1992. urtetik jarraitu dio S2 izarraren mugimenduari. Izarrak galaxiaren erdigunearen inguruan biratzen du eta denbora horretan bere orbitaren bi heren bete dituela ikusi dute ikertzaileek. Hori ez da batere arrunta; izarren errotazio mugimenduak askoz ere motelagoak izan ohi dira –pentsa Eguzkiak 230 milioi urte behar ditu gure galaxiari bira bat emateko– eta pertsona baten bizialdia ez da nahikoa izaten Schödel-en taldeak eskuratu ahal izan dituen datuak biltzeko. Baina S2 izarrak 15 urteko orbita daukala ikusi dute, eta, horri esker, gure galaxiaren erdigunean masa handiko zulo beltz bat dagoela frogatu ahal izan dute.

Izarrak orbita eliptikoa osatzen du Sagitarius A* objektuaren inguruan. Eta orbita hori bat dator Sagitarius A* Eguzkiak baino 2,5 milioi bider masa handiagoa duen tamaina txikiko objektu bat dela esaten duen teoriarekin; hau da, Sagitarius A* zulo beltza dela esaten duen teoriarekin. Beste teoriek, adibidez gune horretan neutroi-izarrak daudela diotenek, ez dute balio izarraren orbita azaltzeko.

Argazkiko M109 bezala, Esne-bidea espiral-itxurako galaxia da. Astronomoek galaxia guztien zentroan zulo beltzak daudela uste dute.

Orain arte intentsitate handiko irrati uhinak eta X izpiak jaso dira Sagitarius A*-tik. Bi fenomeno horiek zulo beltzekin erlazionatzen dira eta, horregatik, askok ontzat ematen zuten zulo beltzaren hipotesia. Orain, Max Planck Institutuko ikertzaileek gaur Nature -n argitaratutakoak hipotesiari behin betiko bultzada emateko balio izan du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia