Gure gorputzeko biztanleria mikroskopikoa atertzen
2008/03/09 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Gizakion gorputzean, mikrobio-zelula gehiago daude giza zelula baino. Guztira, bilioi bat mikroorganismo daude gorputz bakoitzean, baina, duten tamaina txikiarengatik, gorputzaren masaren % 1-2 besterik ez dute osatzen.
Human Microbiome proiektuaren bidez, gizakien gorputzetan bizi diren 600 mikroorganismoren genomak deskodetu nahi dituzte, jada aztertuta daudenei gehituta 1.000 mikroorganismo-genomaren bilduma osatzeko. Horrekin, mikroorganismoen bizimodua aztertu nahi dute zientzialariek. Eta, batez ere, egoera normalean eta gaixotasuna dagoenean mikrobio-komunitateetan gertatzen diren aldaketak aztertu nahi dituzte.
Laginen jatorria
Lanean hasteko, pertsona osasuntsuen hainbat gorputz-ataletako mikrobio-laginak jasoko dituzte; zehazki, digestio-hoditik, ahotik, azaletik, sudurretik eta emakumeen aparatu urogenitaletik.
Gune horiek mikrobio-komunitateen bizilekuak dira. Ikerketaren bigarren fasean, mikrobioek eragindako gaixotasunak dituzten pertsonen laginak hartuko dituzte, aurrekoekin konparatu eta gaixotasunen oinarria argitzeko helburuarekin.
Mikrobioek gure gorputzean eragin ditzaketen onura edo gaitz batzuk aski ezagunak dira. Gizakien gorputzean mikroorganismo gehien dagoen lekua kontuan hartu besterik ez dago: digestio-hodia. Han, gorputzaren hainbat funtzio gauzatzeko lan egiten duten mikrobio asko daude; bakterio probiotikoak, adibidez. Horiek sistema immunologikoa garatzen eta digestio-lanetan laguntzen dute. Baina, mikrobio-komunitateetan desorekaren bat gertatuz gero, diabetea, asma, obesitatea edo digestio-arazoak sor daitezke, adibidez.
Teknika berria
Orain arte, espezieak banaka aztertzen zituen mikrobiologiak, eta horrek zaila egiten zuen giza gorputzeko mikrobio guztien sailkapena egitea. Izan ere, zaila da mikroorganismoen eta ostalariaren arteko erlazioa laborategian imitatzea, mikroorganismoen hazkuntza horietako bakoitzaren inguru natural zehatzaren araberakoa baita.
Baina DNA sekuentziatzeko belaunaldi berriko teknikek erraztu egingo dute lan hori. Mikroorganismo-espezie bakoitza isolatu beharrean, laginean dagoen DNA guztia aztertuko dute, eta, hortik, mikrobio bakoitzaren DNA lortuko dute.
Horri esker, orain arte lortu ez den informazio genetiko piloa eskuratuko da. Hala, zientzialariek orain baino gehiago jakingo dute bakterioek, onddoek eta beste mikrobio batzuek gizakien osasunean eta gaixotasunetan duten eginkizunaz.
Ikerketaren ondorioak
Hasierako ikerketaz gain, lortutako emaitzek izan ditzaketen ondorio legal, etiko eta sozialak aztertuko dituzte. Batez ere, osasun-arloan eta klinikoan, auzitegi-azterketetan, bioterrorismo- edo biodefentsa-aplikazioetan eta pertsonen esparru pribatuan izan ditzaketen ondorioak.
Zientzialarien ustean, mikroorganismoen genoma ezagutzeak giza biologia eta mikrobioen eta gizakien arteko erlazioak beste era batean ulertzen lagunduko du. Horrek, etorkizunean, osasuna, gaixotasunen prebentzioa, diagnosia eta tratamendua ulertzeko erak alda ditzake.
7k-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia