Gure osasuna arriskuan ote?
2004/10/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Istripuak dioxina-isurien Chernobyl bihurtu zuen Seveso. Izan ere, ezbeharrak eragin handia izan zuen hango gizartean: hainbatek arnasbideetako eta azaleko arazoak pairatu zituen, eta batzuek baita minbizia ere.
Harrezkero, dioxinen toxizitateak beldurra sortu du hemengo gizartean ere, nahiz eta, adituen hitzetan, zientifikoki ez dagoen guztiz justifikatuta beldur hori. Dioxinak toxikoak dira, horretan ez dago zalantzarik, baina ezin da ahaztu toxikologian dena erlatiboa dela: konposatu toxikoen eragina dosiaren araberakoa izaten da beti. Beraz, kontzentrazio altuak egiten ditu arriskutsu dioxinak.
Dioxinak eta minbizia
Erraustegiek isuritako dioxinek gaixotasunak eragin ditzaketen jakiteko, zailtasun nabarmen bat aurkitu dute adituek: zaila da atmosferan zenbat dioxina dagoen zehatz-mehatz neurtzea. Izan ere, kontzentrazio
ikaragarri txikietan azaltzen dira, pikogramotan; alegia, gramo bat baino mila milioi bider kantitate txikiagoetan.
Bestetik, ikerketarako zailtasun etiko nabarmena ere badago. Laborategiko arratoi bati erraz eman dakizkioke produktu toxikoak, gaixotasunak nola eboluzionatzen duen ikusteko. Gizakiekin probatzea, aldiz, ez da legezkoa. Egin daitekeen hurbilketa bakarra istripu baten ondorioz toxinekin harremanetan egondako populazioen ikerketa epidemiologikoa izaten da. Sevesoko herritarrena, esaterako. Baina kasu horietan zaila da emaitzak interpretatzea, besteak beste paziente bakoitzaren dietak, tabakoa erretzeko ohiturak eta inguruan dituen industriaguneek ere eragin nabarmena izan dezaketelako.
Beraz, 2,3,7,8-TCDD izeneko dioxinak gizakientzat kartzinogenoak diren susmo handia badago ere, orain arte egin diren ikerketa esperimental guztiak laborategiko animaliekin egin dira. Hortik abiatuta, ziurtzat eman da gizakian ere eragin bera izango dutela, baina kontuan izan behar da desberdintasun handia ikusi dela animalia-espezie batetik bestera. Beraz, ezin da guztiz frogatutzat eman.
Erraustegi zaharren arriskuak
Laborategiko proben muga ikusita, erraustegien inguruan bizi diren populazioetan ere egin da azterketarik, eta ikusi dute aldaketa hormonalak, minbizi-kasuak zein arnas aparatuko arazoak emendatu egin direla. Batez ere erraustegitik 10 kilometrora baino gutxiagora bizi direnen artean. Ez dago argi, ordea, inguruko gune industrialek ere izan ote duten eraginik. Zalantzak zalantza, Munduko Osasun Erakundeak dioxinak konposatu kartzinogenoen zerrendan sartzea erabaki du.
Sevesoko istripuan isuritako dioxina-kantitate handiak haurren sexuan ere eragin zuela ikusi zuten: jaioberrien artean ez zen mantentzen ordura artean neskato eta mutikoen artean ohikoa zen proportzioa. Mutil baino neskato gehiago jaio zen nabarmen. Oro har jaioberrien % 51 izaten dira mutilak munduan, baina Seveson istripuaren osteko hogei urteetan % 38 bakarrik izan ziren.
Erraustegi berriak
Zaila da, ordea, gaur egungo erraustegiek osasunean zer eragin izango duten jakitea; izan ere, azken urteotan asko hobetu da gai toxikoak atmosferara ez isurtzeko teknologia. Adibidez, Katalunian, Montcada-ko erraustegiaren inguruan egin duten azterketaren arabera, herritarrek arnastutako dioxinen % 6 bakarrik da erraustegiak sortutakoa.
Baina erraustegi berriek osasun-arazorik ez dutela sortzen ziurtatzen dutenei oso zorrotz erantzun die José María Tallón Errenteriako Osasun Zentroko familia-medikuak: “Oso zaila da erraustegi berriekin kalteak gertatzen diren edo ez frogatzea. Pentsa, helduetan minbizia garatzeko 10 urtetik gora pasatzen dira. Herbehereetan,1973an hasi ziren ikertzen dioxinek fetuetan sor ditzaketen malformazioak, eta 2000n argitaratu dute emaitza. Beraz, erraustegi modernoek arriskurik ez dutela esaten dutenak gezurretan ari dira. Oraindik ez dago hori esaterik!”
Iñigo Legorburuk ere, Euskal Herriko Unibertsitatean poluzio atmosferikoa ikertzen duen kimikariak, bere kezka adierazi du: “gizarteak eskatu behar du zehatz-mehatz kontrola dezatela benetan atmosferara zer isuriko den, eta datu horiek edozeinentzat eskuragarri jar ditzatela.” Horren haritik doa José María Tallón-en kezka ere. Izan ere, gai toxikoak ez askatzeko erabiltzen diren filtroek asko moteltzen dute zaborraren errekuntza. “Badakigu erraustegi batzuetan gauean filtroak kendu egiten dituztela ezkutuan, erreketa azkarragoa izan dadin —dio Tallónek—. Azken finean, diru asko aurrezten dute hala eginda”.
Xabier Garmendia ingurumen-aholkulariak, ordea, ez du uste horrelakorik gertatuko denik: “Errekuntzaren balio guztiak monitorizatuta egongo dira 24 orduz, eta informazio hori erraustegiek berek zein administrazioak jasoko dute. Urtean sei aldiz kontrol eta neurketa zorrotzagoak egingo dira gainera”.
Atmosferara isurtzen ez dena
Polemika, ordea, ez da hemen amaitzen. Dioxinez gain, beste hondakin toxikoak ere sortzen dira zaborraren errekuntza-prozesuan: furanoak, gas azidoak eta metal astunak, kasu. Baina dioxinen toxikotasuna ez da oraino behar bezala aztertu, eta are gutxiago gainerako poluitzaileena. Ez dago esaterik zer eragin izango duten giza osasunean erraustegiek isurtzen dituzten merkurioak edo artsenikoak, esaterako.
Gaur egungo erraustegiek atmosferara halako gutxi isuriko dituztela adierazi dute errausketaren aldekoek, filtroak oso eraginkorrak direla. Baina ondotxo dakigu sortu sortuko direla. Eta atmosferara isurtzen ez badira errautsetan eta zepan geratuko direla; toxikoak, berdin-berdin. Horrek, beraz, bestelako eztabaida sortu du: zer egin sortzen diren errauts eta hondakin solido toxiko horiekin guztiekin?
Konposatu artifizialik hilgarrienetakoa
2,3,7,8-TCDD izenekoa da dioxina guztien artean ezagunena. Ez da harritzekoa, hori baita guztietan arriskutsuena: akuri bati mikrogramo bakar bat emanez gero —hau da, gramo baten milioirena—, hil egiten da. Hain toxikoa izanik, gizakiak sortutako konposatu artifizialen artean hilgarrienetakoa dela diote.
Horrek ez du esan nahi, ordea, naturan ez dagoenik hori bezain gai toxikorik. Bizidun askok sortzen dituzten toxinak askoz ere hilgarriagoak dira. Horren adibide dira Clostridium botulinum mikroorganismoak sortzen duen toxina, botulismoa eragiten duena edo Clostridium tetan -ek sortzen duena.
Gorputzean pilatzen dira Dioxinak ez dira uretan ondo nahasten; hobeto disolbatzen dira oliotan, gantzetan. Hortaz, kutsatutako airea arnasten dugunean edo elikagaien bidez jasotzen ditugunean, dioxinak gorputzeko ehun adiposoetan metatzen dira. Ondorioa larria da: organismoak nekez metabolizatzen ditu eta ezin ditu inolaz ere gorputzetik kanporatu. Gurekin urte luzez izaten ditugu. |
Bi hitzetan
EHUko Kimika Fakultateko irakaslea eta poluzioa atmosferikoaren ikertzailea.
“Azken urteotan asko aldatu da teknologia. Garai bateko erraustegi europarrek ez zuten keak tratatzeko sistemarik, eta tona bat zabor erretzeko 90 mikrogramo dioxina isurtzen zuten atmosferara. Gaur egungoek, ordea, 1,5 mikrogramo besterik ez dute isurtzen. Alegia, 60 aldiz gutxiago.”
Errenteriako Osasun Zentroko familia-medikua
“Osasun publikoaren zuzendaritzak adierazi du odol-analisiak egingo dituztela errausketa-instalazioen inguruan biziko diren biztanleen artean. Baina odol-analisiek ez dute ezertarako balio. Hasteko, dioxinak gantzetan pilatzen direlako, ez odolean.”
“Ez dakigu zer egingo duten errekuntzan sortzen diren errauts toxikoekin. Alemanian, adibidez, obra zibiletan erabiltzen zituzten lehen, eraikuntzako lehengai gisa. Baina konturatu dira ez direla inerteak.
Denborarekin higatuz joaten dira, hautsa askatzen da. Beraz, ez dira batere seguruak, eta utzi egin diote eraikuntzan erabiltzeari. Orain pilatu bakarrik egiten dituzte errauts toxiko horiek.”
Industria-ingeniaria
“Une honetan dagoen araudiari esker, errauskailuek oso dioxina gutxi isur ditzakete atmosferara eta uretara. Beste industria-sektore batzuek baino askoz ere gutxiago isurtzen dute, eta baita trafikoak berak baino gutxiago ere.”
“Dauzkagun datuen arabera, erraustegietan sortzen diren dioxina eta
furanoetatik % 1 tximiniatik ateratzen da atmosferara, % 18 zepetan
geratzen da eta % 80 errautsetan.”
Tamainak axola du Atmosferara isurtzen diren partikulen tamainak ere badu zeresanik, ez toxizitateak bakarrik. Kea erraustegiko tximiniatik gora ateratzen denean, hainbat tamainatako partikulak isurtzen dira atmosferara: tamaina handienekoak beren kabuz erortzen dira lurrera; partikularik txikienak, ordea, 0,1 mikratik beherakoak, atmosferan dantzan geratzen dira, etengabeko mugimenduan, euren artean talka eginez. Talka horien ondorioz, pilatuz joaten dira, eta azkenean tamaina ertaineko partikulak sortzen dira: 0,5-2 mikra ingurukoak. Hain zuzen ere, gure birikentzat “arnasgarriak” diren tamainakoak. Izan ere, arnas aparatua partikula handietatik babesteko egon badago diseinatuta: mukosa berezia eta ileak ditugu sudurrean. Atmosferako partikula handienei —5 mikratik gorakoei— biriketarainoko bidea ixten diete berehala. Eta bronkioetako mukosak 2 mikra artekoei ixten die gero. Partikularik txikienak, ostera, 0,5 mikratik beherakoak, barru-barruraino sartzen dira, baina, hain txikiak izanik, sartu ahala atera ere egiten dira batere kalterik eragin gabe. Beraz, partikularik arriskutsuenak bitarteko tamaina dutenak dira: zuzenean albeoloetaraino sartzen dira, eta arnasbideetako arazoak sortzen dituzte, nahiz eta jatorrian konposatu horietako asko ez ziren toxikoak. Urte asko behar izan dira partikula horiek osasun-arazoak sortzen dituztela frogatzeko, baina gaur egun poluzioa ikertzen dutenek garrantzi berezia ematen diete. Erraustegi berrienek erretzen duten zabor-tonako horrelako 30 gramo partikula isurtzen dute tximiniatik. Gurean zenbat zabor-tona erreko diren jakinik, kontuan hartu beharreko faktorea izango da. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia