}

Gure planeta zianobakterioei esker oxigenatu zen

2019/12/11 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gure-planeta-zianobakterioei-esker-oxigenatu-zen
Arg. Wikipedia

Planetaren oxigenazioa gakoa izan zen ezagutzen dugun bizia bere baitan har zezan Lurrak. Ezinbestekoa izan zen animaliak sor zitezen, esaterako. Baina ez dago argi nola eman zen oxigenazio-prozesua bera. Science aldizkariak argitaratu duen eredu matematiko batek dioenez, planetaren oxigenazio-prozesu konplexu hark zianobakterio fotosintetiko sinpleak besterik ez zituen behar izan. Ez zen inongo iraultza tektoniko zein biologikoren beharrik izan, orain arte iradoki izan den bezala.

Erregistro geologikoak erakusten duenez, Lurraren oxigenazio-prozesua, lineala izan beharrean, hiru urrats nagusitan gauzatu zen. Gainera, bat egin zuten biziaren forma konplexuagoen garapenarekin: lehenengo urratsean, duela 2,4-2,2 bilioi urte, atmosferako oxigeno-maila apenas igartzetik egungo O2-mailaren 10-5an egotera pasa zen. Handik aurrera, atmosferako O2-a progresio etengabean aritu zen, eta itsasoaren azala oxigenatzen hasi zen, ur sakonek oraindik anoxian jarraitzen bazuten ere. Hartan, lehenengo eukariotoak sortu ziren. Bigarren urrats batean, duela 800-540 milioi urte, atmosferako oxigeno-mailak egungo kontzentrazioaren erdia jo zuen ia, eta itsas hondoaren oxigenazioa gertatu zen, nahiz eta oraindik ez zen egonkorra denboran, ez espazioan. Horren ondorioz, eukariotoak dibertsifikatu eta lehenengo animaliak azaldu ziren, ekosistema itsastarretan nagusi bilakatuz. Azken oxigenazio-urrats batean, jada Paleozoikoan, oxigeno atmosferiko zein ozeanikoak egungo mailara iritsi eta egonkortu egin ziren, duela 450-400 milioi urte. Handik aurrera, animalien tamaina eta dibertsifikazioa handitu, eta predatzaileen espezializazioa gertatu ziren, bai eta landare baskular lurtarren eboluzioa ere.

Hala, hiru oxigenazio-urrats horiek hain nabarmenak izateak eraman izan ditu zientzialariak ondorioztatzera bizi-forma garatuek eta Lurraren eboluzio tektonikoak ezinbesteko eragina izan zutela planetaren oxigenazio-prozesuan. Leedseko Unibertsitate ingelesaren eredu berriak, ordea, zianobakteria fotosintetikoen garapen hutsa kontuan hartuta lortu du erregistro geologikoan ikusten den hiru urratseko patroi bera errepikatzea, beste ezerren beharrik gabe. Hortaz, kolokan jarri ditu orain arteko hipotesi nagusiak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia