Gurutzatu ote ziren txinpantzea eta gizakia?
2009/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Berriki plazaratutako lan batek eztabaida berpiztu du
Duela gutxi Trends in Ecology & Evolution aldizkari espezializatuan argitaratu den lan batek aspaldiko eztabaida bat berpiztu du. Presgraves eta Yi ikertzaileak dira lanaren egileak, eta izenburuan zalantza adierazten badute ere (Doubts about complex speciation between humans and chimpanzees), giza espeziearen eta txinpantzeen arteko banaketa konplexua izan zela ondorioztatzen dute artikuluan. Areago, haien ustez, bi espezieak banatu ziren lehen garaietan, gurutzaketa gertatu zen.
Ez da halako ondorioetara iristen den lehen ikerketa. Adibidez, 2006an, Nature zientzia-aldizkarian, sei primate-espezieren genomen azterketaren emaitzak argitaratu zituzten Cambridgeko Broad Institutuko Reich ikertzaileak eta haren lantaldeak. Haien arabera, giza arbasoen eta gugandik hurbilen dauden espezieen arteko bereizketa ez zen garbia izan.
Genomak alderatuta ikusi zuten gizakien eta txinpantzeen DNAk bereizteko 4 milioi urte baino gehiago behar izan zirela, eta X kromosoma zela gazteena. Datuetan oinarrituta, bereizketa bi txandatan gertatu zela proposatu zuten: hasierako bereizketa, zeinetan gurutzaketa gertatu zen, eta behin betikoa, eta orduan geratu zen X kromosoma definituta.
Zientzialari asko ez ziren ados agertu emaitzen interpretazioarekin. Haien ustez, garai hartako populazioak handiak izateak azaldu dezake genetikoki banatzeko denbora hain luzea izatea. Hala ere, horrek ez luke azalduko zergatik den X kromosoma besteak baino gazteagoa.
Presgravesek eta Yik, ordea, badute azalpen bat. Haien esanean, "espezie bakoitzeko emeen promiskuitatean dauden diferentzietan" egon daiteke gakoa. Txinpantze emeak oso promiskuoak dira, emakumezkoak ez hainbeste, eta gorila emeak are gutxiago. Horrenbestez, txinpantze arrek elkarren arteko lehia gogorra dute emea lortzeko, eta horregatik dituzte beste bi espezieek baino espermatozoide gehiago eta testikulu handiagoak. Horrek esan nahi du espermatozoideek banatze-ziklo gehiago izaten dituztela, eta, beraz, DNAk mutazio gehiago izaten dituela arretan emeetan baino.
Emeek bi X kromosoma dituztenez eta arrek bakarra, kromosoma horren eboluzioa motelagoa da emeetan arretan baino. Kromosoma ez-sexualetan, berriz, ez dago alderik. Mutazioen maiztasuna aztertuz gero, X besteak baino gazteagoa dela aterako da, eta hori izan daiteke Reichen ikerketaren emaitzen azalpena.
Alabaina, Reich ez dago ados. Bere ikerketan lortu zituen datuak berriro aztertu ditu, eta ez du Presgravesek eta Yik proposatzen dutenaren aldeko frogarik topatu. Eztabaidak irekita jarraitzen du, beraz.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia