Hainbat eboluzio-bide egitura berera iristeko
2005/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Australiako hegoaldeko kostan ornitorrinkoaren –monotrematuen– antzinako arbaso baten fosila aurkitu dute. Espezie berria da paleontologoentzako, eta Teinolophos trusleri izena jarri diote.
Horraino ez dirudi aurkikuntza horrek halako garrantzirik daukanik, baina monotrematu horren erdi-belarrian dago ustekabea; izan ere, hezurtxo bakarra du –monotrematu modernoek, aldiz, hiru, gainerako ugaztunek bezala–.
Logikak hala aginduta, orain arte uste zen ugaztun-talde horien arbaso komunak bazuela hiru hezurtxoko egitura konplexu hori. Baina T. trusleri duela 115 milioi urte bizi izan zen; ordurako eboluzioan banatuta zeuden ugaztun plazentalioak, martsupialioak eta monotrematuak.
Beraz, ugaztun monotrematuek eta gainerakoek eboluzio-bide desberdinei jarraitu zieten, baina, azkenean, egitura berera iritsi ziren, hiru hezurtxoko egiturara, alegia.