Hainbeste mende iraun, eta orain eroriko al da Machu Picchu?
2001/03/12 Elhuyar Zientzia
New Scientist aldizkariak iragarri duenez, inken kulturako hiri ospetsua den Machu Picchu erortzeko zorian dago. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuena, geologo japoniarren ikerketen arabera, maldan behera irristatzen ari omen da.
Machu Picchuren esanahia "tontor zaharra" da eta argazkiaren atzealdean azaltzen den mendiaren izena, aldiz, Huayna Picchu da, hau da "tontor gaztea". Hiria eratzen duten harrizko eraikuntza miresgarri horiek hainbat ikertzaileren irudimena piztu dute eta, batzuen ustean, hilerrian topatutako 173 hezurduretatik 150 emakumezkoenak izatea adierazgarria da. Diotenez, Inken Inperioaren amaieran, menderatzaile espainoletatik ihes egin zuten emakume- talde aukeratu baten gordelekua izan zen Machu Picchu.
Aurkitutako aztarnen arabera, kultura hori, besteak beste, astronomian, nekazaritzan eta arkitekturan oso aurreratuta zegoela ikusi da. Horretaz gain, jainkoak gurtzeko toki sakratua zela uste da, bi harresiek inguratzen zutelako eta eguzkiaren omenean jasotako tenplua delako eraikin nagusia.
2.300 metrora eraikitako hiri misteriotsu hori 700 urtez oihanean ezkutatuta egon zen, 1911. urtean Yale Unibertsitateko historia-irakasle batek aurkitu zuen arte. Geroztik, arkeologo ugari jardun da aztarnategia arakatzen eta aspalditik munduko leku bisitatuenetako bat da, egunero 1.000 turistatik gora hartzen baititu. Gainera, hara iristea errazteko, bi tren eta errepidea daude eta turistek Machu Picchun izan diren ziurtagiria ere eros dezakete.
Orain, turista-uholdeen eraginez, atzeko malda hilean zentimetro bat beherantz mugitzen ari dela ikusi dute ikerlariek. Dagoeneko kalteak ageri dira, adibidez, iparretik hegora distortsio-marra bat ikus daiteke hiri barruan eta marran zehar dauden eraikuntzek kaltetutako egiturak dituzte. Konponbiderik jartzen ez bada, Machu Picchu maldan behera eror daitekeela ohartarazi dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia