Haizagailu ñimiñoenak
2002/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Adituen arabera, etorkizuneko ordenagailuetako txipak ikaragarri txikiak izango dira eta azalera horretan zirkuitu ugari bilduko dituzte; ondorioz, gehiegi berotzeko arriskua dute. Hori saihesteko hozte-sistema berriak asmatu behar dira, gehiegizko beroak, txipen eraginkortasuna gutxitzeaz gain, zirkuituak hondatzea eragin dezakeelako.
Gaur egungo ordenagailuek eta telefono mugikorrek gero eta toki gutxiago dute haizagailu arruntak sartzeko. Purdue Unibertsitateko ingeniariek haizagailuen eraginkortasuna handitzen duen sistema asmatu dute. Gailu horrek haizemaile txinatarren antzera aldizka mugitzen den pala bat du eta ordenagailu baten barruko tenperatura 8 ºC jaisteko gai da.
Palak zeramikazko pieza bati lotuta daude. Elektrizitatea ezartzean zeramika hedatu egiten da eta pala alde batera mugiarazten du; korronte alternoa ezarrita, pala alde batera eta bestera mugitzen da. Marruskadura eragiten duten engranajerik ez dutenez, ohiko haizagailuek baino 150 aldiz energia gutxiago kontsumitzen du. Dirudienez, ile baten diametroaren luzera duten paladun haizagailuak erabili ahal izango dira etorkizuneko ordenagailuetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia