Haize-parkeen kontrako intsektuak
2001/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Herbeheretako Energia Zentroak eta turbinak egiten dituen NEG Micon enpresa daniarrak elkarlanean egindako ikerketaren arabera, intsektu hegalariek haize-sorgailuen eraginkortasuna txikitzen dute. Erleek, tximeletek, eltxoek, otiek eta beste hainbat intsektuk haize-sorgailuen besoen aurka talka egiten dute, eta hor itsatsirik geratzen dira.
Pixkanaka, hildako intsektuek zarakar malkartsua eratzen dute besoen ertz nagusian, hau da, airea mozten duen ertzean; ondorioz, besoen ezaugarri aerodinamikoak aldatu eta turbinaren eraginkortasuna txikitu egiten da. Arazoari irtenbidea emateko, ingeniariak intsektuak besoetan itsastea eragotziko duten gainazalak erabiltzen hasi dira. Arazoa, ordea, material horien kostua da, haize-sorgailuek ohiko energia-iturriekin lehiatu behar baitute merkatuan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia