Haizearen profila
2004/04/06 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Izenak dioen moduan, radar profilatzaileak profilak egiten ditu: bere gainean 3000 metro ingururainoko altitudean dabiltzan haizeen profila ematen du, haien norabide eta abiadura zehaztuz. Hori du klimatologian erabiltzen diren ohiko radarrekiko berezitasuna, haiek hegazkinen berri, prezipitazio-datuak edo autoan daramagun abiaduraren berri ematen baitute.
Galernak aurreikusteko
Behar bada ez duzue gogoan izango, baina 1996ko otsailaren 7an depresio sakon batek galerna moduko haizete handia eragin zuen; 125 km/h-ko abiadurako ufadak ere izan ziren. Profilatzeko radarraren bidez oso nabarmen ikusi zen nola hurbildu zen kostara haize-frontea eta nola fronte horrek altitudean goitik behera egin zuen, goizeko 7ak inguruan lurraren mailara iritsiz. Horrelako gertaera klimatiko bortitzen berri izan, aurreikusi eta aztertzeko erabiltzen dute besteak beste profilatzeko radarra.
Haizearen neurketak 25 minuturo egiten ditu radarrak, baina haizearen gorabeherez gain, tenperatura ere neurtzen du 30 minuturo. Haizearen datuak lortzeko, radarraren antenak mikrouhin-pultsuak igortzen ditu zerurantz bost norabidetan. Pultsu bat bertikalean bidaltzen da, zenitera zuzenean eta beste laurak puntu kardinal banara, 15,5 º-ko angeluarekin. Atmosferako errefrakzio-indizean dauden aldaketek mikrouhin horietako batzuk antenara itzultzea eragiten du. Igorritako eta bueltan jasotako uhinen frekuentzia-desberdintasunak ordenagailuan tratatu haizearen profila irudikatzen da, haizearen norabidea eta abiadura zehatzarekin. Irudi eta datu horiek interpretatu eta ondorioak ateratzea, ordea, adituen lana da.
Normalean 3.000 metroko altituderainoko haizea neurtzen dute, baina kondizioen arabera aldatzen da hori. Tenperatura neurtzeko, ordea, radarrak jasotako uhinak eta bereziki horretarako igorritako seinale akustikoak erabiltzen dira. 700 edo 1.000 metro bitarteko altituderaino neurtzen da tenperatura.
Ozonoa ikertzeko
Datu horiek guztiak Eusko Jaurlaritzako Klimatologia eta Meteorologia Zuzendaritzan, batetik, eta, bestetik Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan jasotzen dituzte, Ingurumen Atmosferikoko taldean, hain zuzen. Talde horretan, zehazki, ozonoaren distantzia luzeko garraioren ikerketak egin dituzte.
Jakina zen, 1989az geroztik, Bilbo gainean ozono-poltsak sortzen zirela bertan sortutakoak eragingo lukeena baino kontzentrazioa handiagotan. Radar profilatzailearen bidez lortutako-datuak eta meteorologiako garraio- eta ibilbide-ereduak uztartuta ozonoa altitude handietan distantzia luzean garraiatzen dela frogatu dute. Horrela baieztatu dute, kondizio meteorologiko jakinetan Euskal Herrian neurtutako ozonoa Bretainia aldetik iritsitakoa dela, bertan sortutakoaz gain. Bi bide ditu: bat zuzenean Bretainiatik datorren aire-lasterra eta, bestea, Frantzia hegoaldetik eta Tarragonatik pasa ondoren Ebro bailaratik sartzen dena. Bi gune horietan ozono gehiago hartzen du gainera.
Kontuan izan, ozonoa, atmosferaren goi geruzetan dagoenean, mesedegarri zaigula eguzki-erradiaziotik babesteko, baina atmosferaren behe geruzetan toxikoa dela eta ozono asko arnasteak kaltea eragiten digula. Hori jakinda, oso garrantzitsua da garraio horren berri izatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia