Halterofiliako pisuen itxurako nanomotor indartsua
2006/03/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Groningengo Unibertsitateko ikertzaileek nanomotor benetan ahaltsua asmatu dute; hain zuzen ere, bere burua baino 10.000 aldiz handiagoak diren objektuak mugitzeko gai da motor ñimiño hori.
Motorra halterofiliako pisu baten itxurako molekula bat da. Karbono-karbono lotura bikoitza da erdiko ardatza, molekularen goiko aldea da errotorea, eta behekoa, berriz, estatorea. Lana, ordea, ez du molekula bakarrak egiten; kristal likidotan sartuta dauden hainbat molekulak mugiarazten dute objektua.
Ikerketan, kristal likido horren gainean jarritako 5-28 mikroi inguruko hagatxo bat mugitzea lortu dute. Horretarako, 365 nm-ko uhin-luzera duen argipean jarri dute kristal likidoa; orduan, molekularen itxura aldatu egiten da, eta argia kentzean, berriz, berotu. Aldaketa horien ondorioz, hagatxoak biratu egiten du. Zehazki, 0,67 bira/minutuko abiaduran mugitzen da etapa fotokimikoan, eta 0,22 bira/minutuko abiaduran etapa termikoan.
Ikertzaileen esanean, lana pauso bat da nanomakinak edo nanoibilgailuak lortzeko bidean.
Nanomotorra martxan ikusi nahi baduzu, ikerketaren bideoak dituzu Groningengo Unibertsitatearen gune honetan.