}

Hankarteko ileez

2014/06/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Uda hastearekin, ileak etsai bihurtzen dira, batez ere emakumeentzat eta zenbait lekutakoak (burukoak ez, adibidez). Horrela izaten da, eta aurten ere badirudi ez dela aldaketarik egon, nahiz eta udaberrian eztabaida bizia egon zen depilatzeari buruz, eta, bereziki, hankarteko ileak kentzeaz. Aldekoek higienea eta estetika aipatu zituzten batik bat; eta aurkakoek era askotako arrazoiak azaldu zituzten, ikuspegi feministatik emandakoetatik hasi eta arrazoi medikuetaraino.

Arrazoiak arrazoi, bada oraindik erantzun gabeko galdera bat: zergatik ditugu ileak hankartean, gorputzeko beste zati askotakoak galdu baditugu eboluzioan zehar?

Horri erantzuteko, zientzialariek bizkarroi baten eboluzioari begiratu diote: zorriari. Jakin dutenez, gure buruko zorria (Pediculus humanus capitis) eta txinpantzeen gorputzeko zorria arbaso beretik datoz. Gurea gure buruko ilera egokitu zen, eta ez zuen gorputzera hedatzerik izan, arropak erabiltzen hasi ginen arte. Orduan, gorputza kolonizatu eta Pediculus humanus corporis bilakatu zen.

Hankarteko zorriak, ordea, beste jatorri bat du. Pthirus pubis espeziekoa da, eta haren arbasoa gorilen gorputzeko zorriarenaren berbera da. Gainera, arbaso hori ez da hain aspaldikoa; hortaz, zientzialariek ondorioztatu dute hankarteko ilea gorputzekoa galdu ondoren sortu zitzaigula. Zertarako, baina? Zer funtzio du?

Zientzialariek hainbat hipotesi dituzte: beste sexukoak erakartzeko apaingarria dela, sexu-feromonak transmititzeko balio duela... Baina oraindik ez dute argi, eta ikertzen jarraitzen dute. Eta guk, bitartean, ezin erabili depilatzearen alde edo kontrako arrazoi modura...

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia