Haririk gabeko kargagailuak
2007/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Laster, telefono mugikorra kargatzeko, agian nahikoa izango da mahai gainean uztea. Izan ere, gailu elektronikoak haririk gabe kargatzeko modu bat proposatu dute Masachusett-eko Teknologiaren Institutuko fisikari batzuek. Ordenagailu bidez simulatu dute iturri batetik hainbat metroko distantziara egon litekeen gailu batera energia transmititzeko teknika. Horretarako, eremu elektromagnetiko bat erabiltzea proposatzen dute.
Erradiazio elektromagnetikoa gailuak kargatzeko erabil badaiteke ere, egungo teknologiak ez dira eraginkorrak, eta arriskutsuak izan daitezke, gainera. Arazoa da, uhin elektromagnetikoak norabide guztietan hedatzen direnez, energia gehiena ingurunean galtzen dela. Ikertzaileek proposatutako metodoak eremu elektromagnetiko bat erabiliko luke energia bideratzeko. Energia gailura transferituko litzateke, gailuaren antenak eta igorgailuak erresonantzia-frekuentzia bera izango bailukete. Eta, aitzitik, inguruko objektuek ez lukete energiarik xurgatuko, ez bailukete erresonantziarik izango frekuentzia horretan. Gainera, gailuak xurgatuko ez lukeen energiaren zatirik handiena igorgailuak berak xurgatuko luke.