Harraren estrategia
2001/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Etxea defendatzeko modu berezia dute harrek. Hurbiltzen diren arrotzak uxatzeko barailarekin bibrazio indartsuak egiten dituzte. Bi har elkarren arteko borrokan hasten direnean, sinfonia oso bat jo dezakete sortzen dituzten soinuekin.
Drepana arcuata har-espezieari ikusi dizkiote ikertzaileek jokabide berezi horiek. Illinoisko Unibertsitateko biologo-talde baten ikerketen arabera, harrek ornodunek dituzten lurralde jokabideen antzekoak dituzte. Eta hori harrigarria gertatu da, ez baitzen horrelakorik espero organismo bakun hauetan.
Ustekabean aurkitu dute jokamolde berezi hori. Ikertzaile batek bi larba zituen bere etxean, hosto batean, eta gau batean harrengandik zetorren soinu arraro bat entzun zuen.
Laborategian saiakuntzak egiten hasi ziren harrekin, eta horrela ikusi dute harrek beren zetazko habia babesteko eta borrokatzeko erabiltzen dutela baraila, eta egiten dituzten bibrazio indartsuek erraz entzun daitezkeen soinuak eragiten dituztela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia