}

Harreman berdeak

2008/09/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jaio bezain laster, usainka hasi da Cuscuta txikia , ea airean harrapakinen baten aztarnarik detektatzen duen. Azkar ibili behar du; jaiolekutik zentimetro gutxi batzuetara harrapakinik topatzen ez badu, bereak egin du. Izan ere, gurasoek ez zioten erreserba handiegirik utzi, eta ezin du fotosintesirik egin. Landare bitxia da Cuscuta . Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaile batzuek argitaratutako bideo batean, Cuscuta pentagona jaioberri batek tomate-landare bati nola erasotzen dion ikus daiteke. Landarea baino gehiago, animalia dirudi: zizare bat, edo antzeko zerbait. Eta are gehiago ikertzaile horiek egindako ikerketaren emaitzei erreparatzen badiegu: erasotzaileak 'usaindu' egiten du biktima, eta haren bila joaten da zuzenean. Muturreko adibidea da, agian, Cuscuta -rena. Landarea izanik, usaindu egiten duela esatea gehiegi esatea da, seguru aski, baina landareen arteko harremanak nolakoak izatera irits daitezkeen erakusten du. Askotan, izaki pasibo eta aspergarri moduan ikusten baditugu ere, badirudi landareen mundu sekretuan guk uste baino gauza gehiago gertatzen direla.
Harreman berdeak
2008/09/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: J. Runyon/De Moraes and Mescher Labs)

Beste landareen izerditik bizi da Cuscuta bizkarroia. Zurtoina --horia, laranja edo gorria izan ohi da-- biktimaren inguruan kiribiltzen du, eta ezten moduko batzuk sartzen dizkio, izerdia xurgatzeko. Eskualde epeletatik tropikaletara, ia mundu osoan zabalduta dago, eta nekazari askoren buruhaustea da. Izan ere, tomateei, azenarioei, tipulei, zitrikoei, alpapari eta abarri erasotzen die. Herrialde askotan, legez ziurtatu behar da laborantzarako saltzen diren haziek ez dutela Cuscuta -hazirik.

Pennsylvaniako ikertzaileen esanean, bizkarroiak ostalaria nola aurkitzen duen jakitea baliagarria izan daiteke hari aurre egiteko. Tomate-landareekin hainbat proba egin ondoren, ikusi dute tomateak askatzen dituen substantzia lurrunkor batzuk detektatzen dituela. Substantzia horiekin bustitako goma-zati bati modu berean erasotzen dio.

Ostalariak zoriz aurkitzen zituela pentsatzen zen, baina ikerketa horrek argi utzi zuen bilaketa aktiboa egiten duela. Hasieran, biraka hasten da, eta, biktimaren presentzia adierazten duen substantzia detektatzen duenean, harantz zuzentzen da. Ikertzaileak harrituta gelditu dira erasoaren zehaztasunarekin eta azkartasunarekin.

Eta hori ez da dena, erabakiak hartzeko gai dela ere esan dute. Izan ere, gariarekin ere egin dituzte probak, eta ikusi dute garia eta tomatea aukeran jartzean tomatearen bila joaten dela. Beste aukerarik ez dagoenean gariari erasotzen badio ere, gariak igortzen duen konposatu batek Cuscuta uxatu egiten du.

Bizirauteko lehian

Cuscuta europaea : biktimari eztena sartu eta haren izerditik bizi da.
M. Becker

Hemengo nekazariek oso ongi ezagutzen duten beste belar txar bat gogorarazten du Cuscuta -k: ezkertea (izatez, oso antzeko bi belar-espezie egon daitezke izen arrunt horren atzean: Convolvulus arvensis eta Calystegia sepium ). Ez dakigu ezkerteak ere bere biktimak 'usaintzeko' gaitasuna izango duen, baina, topatzen dituenean, haien gainera igotzen da, Cuscuta bezalaxe, kiribilduz. Ez die eztenik sartzen --fotosintesia egiten du ezkerteak--, baina izugarri azkar hazten da, eta, zenbaitetan, erabat estaltzen ditu biktimak.

Horrelakoak izan ohi dira landareen arteko harremanik arruntenak: argia, ura eta elikagaiak lortzeko lehiak. Lehia horiek fisikoak izaten dira askotan: azkarren hazten denak, edo altuenak, edo sustrai gehien edo eraginkorrenak dituenak, edo kondizio jakin batzuk besteek baino hobeto jasateko gaitasuna duenak errazago eskuratuko ditu behar dituen baliabideak.

Lehia hori gogorra izaten da maiz, eta lehiakide batzuek jokoz kanpo uzten dituzte besteak. Hori izan daiteke ezkertearen kasua, ostalaria erabat estali eta argirik gabe uzten duenean; kondizio horietan, ostalariak ez du hazteko aukerarik.

Baso itxiak dira beste adibide bat. Inoiz pinudiren batean egon bazara, konturatuko zinen orratz-formako hostoez estalitako zorua nahiko 'garbi' egon ohi dela; alegia, pinuez gain, ez dela askoz landare gehiagorik hazten. Izan ere, batetik, pinuek oso argi gutxi uzten dute pasatzen, eta, gainera, eroritako pinu-orratzek azidoak askatzen dituzte deskonposatzean. Horrelako ingurune batean aurrera egitea ezinezkoa da landare askorentzat.

Gerra kimikoa

Ezkerteak ez dio eztenik sartzen biktimari, baina gupidarik gabe kiribiltzen da haren inguruan.
E. Etxebeste

Hain zuzen ere, kimika da landareek lehiarako erabiltzen duten beste arma bat. Zenbait landarek pozoitu egiten dituzte lehiakideak. Sortzen dituzten molekula batzuek inguruko landareen hazkuntzan eta garapenean eragiten dute. Alelopatia izenez ezagutzen da landareen arteko gerra kimiko hori.

Substantzia alelopatikoak bigarren mailako metabolitoak izan ohi dira; hau da, landarearen metabolismoko albo-produktuak. Horietako asko toxikoak dira landareentzat: batzuek haziak ernetzea eragozten dute; beste batzuek fotosintesian eragiten dute; eta abar.

Intxaurrondoek (Juglandaceae familia) ekoizten duten juglona da substantzia alelopatiko ezagunenetako bat. Intxaurrondoek sustraietan, hostoetan, adarretan eta fruituetan pilatzen dute. Juglona lurrera pasatzen denean, landare batzuen metabolismoan eragiten du. Ez die landare guztiei berdin eragiten, baina zenbait espezierentzat ezinezkoa da intxaurrondoen azpian edo inguruan bizitzea. Gauza bera gertatzen da eukaliptoekin eta beste hainbat espezierekin ere.

Alelopatiari buruzko ikerketa gehienak nekazaritzaren alorrean egiten dira. Laborantzako landareen eta belar txarren arteko elkarrekintzak eta laborantzen artekoak ere aztertzen dira. Arroza da arlo horretan gehien ikertu den landareetako bat, eta ikusi dute ahalmen alelopatiko handia duela.

Bestalde, substantzia alelopatikoak erabilgarriak izan daitezke hazkuntzaren erregulatzaile edo herbizida gisa, nahiz eta ezagutzen diren substantzia gehienak ahulegiak diren horretarako.

Garagarrak bere lehiakideek argian eragindako aldaketa txikiak detektatzen ditu.
Nagyman/ Eskubide batzuk erreserbatuta

Nor dabil hor?

Argi dago, beraz, landareak ere, animalien gisara, lehia batean bizi direla; eta hainbat arma dituztela horretarako. Baina armak izatea ez da dena; inguruan dagoenari edo dabilenari buruzko informazioa lortzea ere baliotsua da oso. Animaliak abilak izan ohi dira horretan; zentzumenak dituzte horretarako. Landareak ere, beste modu batera bada ere, gai dira informazio baliotsu hori biltzeko. Ikusi dugu Cuscuta -k 'usaindu' egiten dituela biktimak. Bada, ez da halako abilidadeak dituen bakarra.

Esaterako, landare batzuk gai dira inguruan lehiakideak dituzten jakiteko, argiaren aldaketa txikiak detektatuz. Landareek uhin-luzera jakin batzuetako argia xurgatzen eta islatzen dute, eta horri esker jakin dezakete landare batzuek inguruan inor dabilen. Garagarrak, adibidez, inguruko landareek argiaren espektroan eragindako aldaketa horiek detektatzean, pujak gehiago luzatzen ditu, eta loreak azkarrago garatzen ditu.

Beste batzuek inguruko urean edo elikagaietan gertatutako aldaketak edo lurrean aurkitutako seinale kimikoak detektatuta lortzen dute lehiakideen presentziaren berri; eta horren arabera erregulatzen dute beren hazkuntza.

Baina Cakile edentula oraindik urrunago doa. Ontarioko McMaster Unibertsitateko ikertzaile batzuek iaz argitaratutako lan batean azaldu zuten landare hori gai dela bere ahaideak ezagutzeko.

Cakile edentula Ipar Amerikako kostaldeko hondar eta harkaitz artean hazten da, eta bere ahaideak ezagutzeko gai omen da.
© C. Moorehead

Zehazki, ikusi dute ama bereko aleak ontzi berean elkarrekin landatzean sustraiak gutxiago garatzen dituztela ama desberdineko aleen ondoan baino. Ikertzaileek ez dute argi ahaideek beren sustraien garapena murriztu egiten duten edo ahaidetasunik ez duten aleek handitzen duten garapen hori, baliabideak lortzeko lehian.

Argi dago landare horiek erantzun desberdina ematen dutela inguruan dagoenaren ahaidetasunaren arabera, eta, beraz, nolabait gai direla ahaidetasun hori detektatzeko. Hori nola egiten duten, ordea, misterio bat da oraindik ikertzaileentzat. Haien hipotesien arabera, litekeena da seinale kimikoren bat egotea tartean.

Ikerketa hori argitaratuz geroztik, antzeko ondorioak lortu dituzte beste hiru espezieren kasuan. Zientzialariak harrituta daude horrelako aurkikuntzekin. Eta ez da harritzekoa, ez baita erraza ulertzen begirik, belarririk, sudurrik, ahorik eta garunik gabe nola egin dezaketen landareek egiten duten guztia.

Izan ala ez izan
Benetan, posible ote da landareek nolabaiteko zentzumenik izatea? Eztabaida handiak sortzen ari da galdera hori adituen artean. Landare Neurobiologiaren Elkarteko kideak baiezkoan daude, eta, hain zuzen ere, landareen zentzumenak ikertzeko helburuz sortu zuten elkartea.
Elkartearen izenak berak sutan jarri ditu, ordea, biologo asko. Izan ere, neurobiologiak nerbio-sistema du aztergai, eta hori, oraingoz, animalietan soilik ezagutzen da. Horregatik, landare-neurobiologia konbinazioa ezinezkoa da, eta gaizkiulertuak eragiten ditu. Hori salatzeko argitaratu zuten hainbat unibertsitatetako 36 ikertzailek "Plant Neurobiology: No Brain, No Gain?" artikulua Trends in Plant Science aldizkari zientifikoan. Landareei buruz hitz egitean neurona, sinapsi eta antzeko hitzak erabiltzea kritikatu zuten artikuluan. Izan ere, "neurona hitza grekoz 'landare-zuntz' esan nahi duen hitzetik eratorria izatea ez da nahikoa arrazoi landare-biologian aplikatzeko", zioten artikuluan.
Berehala erantzun zieten elkartekoek aldizkari berean, "Plant neurobiology: the gain is more than the name" artikuluaren bidez. Artikulugileen arabera, inork ez du proposatu intxaur-itxurako garun txiki bat bilatu behar denik, baina litekeena da landareek animalien nerbio-sistemaren analogoa den sistema propio bat izatea, eta zientzialariek irekita egon behar dute aukera horren aurrean.
Ustezko errudunak
1964ko urtarrileko Science aldizkariaren azala alelopatia-kasu bati eskaini zioten. Artikuluaren arabera, Kaliforniako hegoaldean zuhaixka batzuen inguruan zeuden soilguneak, hain zuzen, zuhaixka horietako batzuek askatzen zituzten substantzia lurrunkor batzuen eragin alelopatikoaren ondorio ziren.
Salvia leucophylla zen soilguneen ustezko errudunetako bat.
(Argazkia: N. Elhardt/ Eskubide batzuk erreserbatuta)
Kritika ugari izan zituen ikerketa hark. Izan ere, alelopatiaren eraginak frogatzea ez da gauza erraza. Laborategian frogatu zuten zuhaixka horien konposatu batzuek eragin alelopatikoa zutela, baina, soilguneen arrazoia hori zela esateko, beste gauza asko hartu behar ziren kontuan.
Hori argi gelditu zen 1970. urtean, berriz ere Science -en argitaratutako beste ikerketa batean. Zuhaixkak kaiolatan sartu zituzten, haien gerizpean babesa bilatzen zuten untxi, sagu eta abarrak handik ez ateratzeko. Eta, hori egindakoan, ikusi zuten kaiolen inguruko soilguneetan belarra jaiotzen hasi zela, inolako arazorik gabe.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
3
245
2008
9
034
Botanika; Ekologia
Artikulua
47

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia