}
Joan Manuel F. Mendoza Ingurumen-zientzialaria

“Hartzen duzun edozein erabakik eragina du ingurumenean”

2021/11/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

hartzen-duzun-edozein-erabakik-eragina-du-ingurume

Joan Manuel F. Mendoza Argentinan jaioa da, baina 13 urterekin Gasteizera etorri zen, familiarekin batera, etorkizun hobe baten bila. “Zerotik hasi behar izan genuen”, gogoratu du.

Ibilbide zientifikoa ere zerotik hasi zuen. Ez zeukan seniderik edo gertuko inor zientzia-munduan, baina oroitzen du txikitan, artean Argentinan zela, kimikako jolas bat zuela, eta oso gogoko zuela esperimentuak egitea. "Nire buruari galderak egiten nizkion, adibidez, nola erauzi landareen izerdia eta halakoak. Hortaz, batxilergoan, zientzietara jo nuen, hori baitzen nire berezko bulkada".

Batxilergoa bukatu ondoren, ingurumen-zientziak aukeratu zituen. "Biologia edo kimika ere aukeratu nezakeen, baina banuen kezka mundua hartzen ari zen norabiderarekiko, eta banekien, gainera, industriatik zetorrela arazoa. Horregatik, industriara bideratuagoa zegoen adar bat aukeratu nuen, pentsatuz, bide batez, etorkizuean arlo horretan lana egongo zela. Lana izateak ere arduratzen baininduen".

Geroztik, arlo horretan egin du ibilbide osoa. Hala ere, denborarekin bere ikuspegia aldatu da, noski. "Hasieran, uste nuen errazagoa izango zela gauzak aldatzea", aitortu du. "Gero jabetzen zara sistema ekonomikoek beren inertziak dituztela, eta benetan zaila dela arauak eta legeak aldatzea. Inurri baten modura joan behar duzu, pausoz pauso. Ezin duzu eraikin oso bat zuk bakarrik altxa; nahikoa egingo duzu adreiluren bat jartzeko gai bazara".

Alde horretatik, pozik dago urte hauetan enpresekin eta erakundeekin sortu dituen dinamikekin. "Batez ere, ingurumen-inpaktua txikitu nahi duten enpresekin, baina ez dakitenean nondik hasi, eta zuk, haiekin hitz eginda, eta aukerak ikusita, lortzen duzunean argitxoren bat piztea. Elkarrizketa horrek, ikuspegiak trukatzeak eta elkar aberasteak, horrek asko betetzen nau."

F. Mendozak dioenez, enpresa askok, bereziki ibilbide luzea dutenek, oso korapilotsua ikusten dute ezer aldatzea, nahiz eta ingurumenaren alde zerbait egin nahi duten. Gerta liteke oso inbertsio handiak behar izatea, edo merkatuak edo bezeroak zerbait jakina eskatzea, eta ez jakitea beste era batera egiten, negozioari kalte egin gabe. Baina badira beste enpresa batzuk ere, gazteak edo berritzaileak, aldatzeko prest daudenak hasieratik. Eta bi mutur horien artean, "grisen itsasoa" dago. "Eta hor aritzen gara gu, ingurumen-aztarna txikitzea ekarriko duen aukerak haiekin batera aztertzen eta proposamenak egiten".

“Batik bat energia eta materialaen kontsumoarekin eta isurien eta hondakinen produkzioarekin aritzen gara. Energian, kontsumoa gutxitzea eta iturri berriztagarrietara trantsizioa egitea bultzatuz; eta hondakinetan, ekonomia zirkularra aplikatuz", zehaztu du.

F. Mendozaren arabera, askok uste dute ekonomia zirkularra hondakin gutxiago sortzean datzala, baina hori baino askoz ere gehiago dela azaldu du: "Ekonomia zirkularrak hiru hanka ditu. Alde batetik, ahalik eta baliabide gutxien kontsumitzean datza, bai energia bai materialak. Nola? Digitalizatuz, desmaterializatuz eta zerbitizatuz [produktu soilak eskaini beharrean, bezeroaren araberako zerbitzuak, esperientziak eta emaitzak ere eskaintzea]. Bestetik, produktuek ahalik eta denbora gehien iraun dezatela, 10-20-30 urte; hala, denbora horretan teknologia berriak sor daitezke sortuko diren hondakinak berrerabiltzeko edo tratatzeko. Azkenik, hondakinak sortzen direnean, produktuen materialak berreskuratu eta berriro sisteman sartu, beti ere ahalik eta energia gutxien erabilita, eta energia hori berriztagarria izanik".

Zailtasunak eta irtenbideak 

Zailtasunik handiena zein den galdetuta, lehena kontzientzia-falta dela erantzun du. "Lehen pausoa da arazoaz jabetzea, arduratzea eta formatzea. Horren ondotik, auzi ekonomikoa dator; azken finean, ekoizpen-sistema berrikusteak eta aldatzeak inbertsio bat dakar, eta, jarritako dirua itzuli bitartean, negozioak aurrera egin behar du... Hori kritikoa da. Eta azken arazo bat da nola neurtu zirkulartasunera emandako pausoa; zer adierazle erabili, ondo zoazen ala ez jakiteko. Badaude estandar batzuk, baina gaur egun oraindik ez daude guztiz zehaztuta”.

Industria alde batera utzita, onartu du maila pertsonalean ere topatzen dituela zailtasunak, eta kontraesanak izaten dituela. "Etxeko ekonomiak ere eragiten du, eta ohiturak aldatzeko denbora behar da, bai norbena bai gertukoena. Horregatik, nire ustez hezkuntza funtsezkoa da. Matematikak, hizkuntza eta filosofia irakasten diren bezala, jasangarritasuna ere eskoletan irakatsi beharko litzateke, hartzen duzun edozein erabakik eragina baitu ingurumenean. Edozeinek. Umetatik hori jakinez gero, badaukazu norabide bat, bidean gauzak egiten joateko. Gauza txikiak izanik ere, gehitzen doaz, eta ingurukoek egiten dituztenei gehituta, gauza handiak lor daitezke".

 
 
Joan Manuel F. Mendoza

Buenos Airesen jaioa, 1984an. Ingurumen-zientziak ikasi zituen, eta ingurumen-zientzietan eta teknologian doktoratu zen, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB). Tecnalian (CIDEMCO), UABn, Danimarkan eta Manchesterren ikertu du, besteak beste, eta gaur egun Mondragon Unibertsitatean dabil, Ekonomia zirkularra eta industria jasangarritasuna ikerketa-taldean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia