}

Hasi da 'Albert Einstein Annus Mirabilis 2005'

2005/09/06 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Atzo hasi zen Kursaal aretoan Albert Einsteinen inguruko biltzarra: Albert Einstein Annus Mirabilis 2005.
Claude Cohen-Tannoudji eta Unai Ugalde irekiera-ekitaldian.

Irekiera ofiziala Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Pedro Migel Etxenikek eta Alberto Galindok eman zioten, mintzaldi banarekin. Horren ondoren, ekitaldiko plater nagusia etorri zen: Claude Cohen-Tannoudji. Fisikari frantziarrak Nobel saria irabazi zuen 1997an, eta oso ondo ezagutzen duen gai baten gainean mintzatu zen bere hitzaldian: Bose-Einstein kondentsatua.

Cohen-Tannoudjik tenperatura ultrabaxuetan atomoek duten portaerari buruz mintzatu zen, besteak beste. Bere hitz-jarioarekin auditorio osoa adi-adi izan zuen; nabari zen hitzaldiak ematera ohitua dagoena.

Hala, hitzaldi Indartsu batekin hasi zen kongresua. Dena dela, giroa guztiz aldatu zen ondoren; izan ere, ganbera-kontzertu eder bat izan zen entzungai. Einsteinek gustuko zituen piezak jo zituzten: Mozarten Sonata re majorren eta Kintetoa sol minorren .

Jardunaldi hauetan, guztira hemeretzi hizlari izango dira ostegunera bitartean, horietako sei Nobel saria irabazitakoak; guztiak ere maila gorenekoak. Beraz, hitzaldien maila bermatuta dago.

Gainera, antolakuntzak nabarmendu duenez (Donostia International Physics Center), mintzaldietan fisika kuantikoaren nondik norakoak azalduko dira, noski, baina Einsteinen irudiaz eta lanaz gogoeta egiteko aukera ere izango da. Izan ere, hizlarien artean filosofoak eta historialariak ere badira, fisikariez eta kimikariez gain.

Fisikarekin eta Einsteinekin ikasteko eta gozatzeko astea da hau.