Hatz aztarnei leialtasuna
2000/09/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Fikzioaren barruan zein kanpoan, XIX. mendeko Londresen krimen asko gertatu ziren. Errealitatean gertatutako gehienetan, seguru asko, ez zen egilea harrapatu, eta asko ikertu ere ez zen egin. Fikzioan, ordea, Sherlock Holmes izeneko detektibe batek egoera menperatzen zuen, eta gaizkilea ezagutzera eman.
Holmesek bi arma erabiltzen zituen, buru azkarra eta jakinduria zientifikoa. Izan ere, orduak ematen zituen liburuen aurrean ikasten. Gainera, esperimentu kimikoak egiten zituen laborategian. Adibidez, odola detektatzeko metodo berria asmatu zuen bere lehen istorioan (A Study in Scarlet).
Detektibe teknologikoak
Bizitza errealean ere zientzia da nagusi krimenak argitzeko metodoak garatzean. Beste esparru batzuk ere metodologia beraz baliatzen dira. Aitatasuna baieztatzeko azterketa genetikoa, esate baterako, modan dagoela esan daiteke. Hain metodologia modernoek ez dituzte kontzeptu zaharrak erabat baztertu, ordea. Pertsonak identifikatzeko garaian, ohizko metodoa hatz aztarnen azterketa izan da. Eguneratuta, gaur egun maiz erabiltzen da.
Norberak berezko hatz aztarnak ditu. Hasiera batean pentsa daiteke ez daudela bi gizaki aztarna berdin-berdinak dituztenak. Egia da. Dena den, batzuetan ezberdintasuna oso txikia da, eta aztarnak aztertzeko ohizko prozedura lerro gutxiko aldakuntzan oinarrituta dago. Legegileek hori ondo dakite, eta aurtengo auzi batzuetan abokatu defendatzaileak argudio horren eskutik frogaren emaitzak baliogabetzen saiatu dira. Ez da hori arazo bakarra.
1993an Knoxville-n (Estatu Batuetan) hiru urteko neska txiki bat bahitu, bortxatu eta hil egin zuen familiako lagun batek. Drogatuta zegoela, krimena aitortu zuen, baina bere onera etorri zenean, berriz, ukatu egin zuen. Poliziak susmagarriaren autoan umearen hatz aztarnak bilatu behar izan zituen, baina ez zen batere aurkitu. Arthur Bohanan Poliziako ikertzaileak zergatia aurkitu zuen. Umeen aztarnak azkar lurruntzen dira, eskuetako seboak konposatu kimiko hegazkorragoak dituelako helduenak baino. Batzuetan ordu gutxitan desagertzen dira.
Esparru horretan gaur egun bi ikerketa lerro jorratzen ari dira. Batzuk hobetzen ari dira pertsonen idenfikazio prozedura. Beste talde baten helburua, ordea, hatz aztarnetatik ahal den informazio gehiena erauztea da. Gasen kromatografoaren eta masa espektrometroaren konbinazioa oso erabilgarria da kasu horietan.
Hatz aztarnek jabearen hormona sexualen arrastoak izaten dituzte. Aztarna gizonezkoarena ala emakumearena den argitu daiteke. Lehen kasuan testosterona, eta bigarrenean, berriz, estrogenoa aurkitzen da. Erretzaileek nikotinaren metabolitoen arrastoak uzten dituzte (eta, era berean, kokainomanoek kokainarenak, eta abar).
Ikerketa horren inguruko beste kontu bat laginen bilketa da; aztarna jasotzeko metodoa, alegia. Oso azal leun eta garbietatik erraz jaso daitezke aztarnak. Utzi direnetik denbora asko ez izatea ia ezinbestekoa da. Epe luzean aztarnak lurrundu edo degradatu egiten dira. Oro har, erabiltzen den teknikan aztarna hautsarekin estaltzen da eta handik irudia jaso. Sarritan erabiltzen den beste modua aztarnak ikuskor bilakatzeko itsasgarriaren lurrunekin (zianoakrilatoa) finkatzea da. Emaitza energia altuko argi urdinez ikus daiteke. Trikimailu hori, ordea, ez da beti erabilgarria, leku lehor eta beroetan ez du emaitza onik ematen.
Teknika horien atzetik egon daitekeen arazoa da azal zati berean aztarna bat baino gehiago topatzea da. Gainera, pertsona batena baino gehiagorena izan daitezke. Bereizketa mota horretan ere ikertzen ari dira kriminologiako laborategietan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia