}

Hatz-aztarnetan oinarritutako azterketak ez dira zientifikoak

2002/01/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hatz-aztarnetan oinarritutako azterketak Gorte Gorenak froga zientifikoentzat ezarritako lau arauetatik hiru ez dituela betetzen adierazi du AEBetako epaile federal batek. Erabaki horren ondoren, balistikako eta auzitegiko beste teknika batzuen zientifikotasuna zalantzan jar daitekeela uste da.

1993an epaitegietan zientifikotzat zer hartzen zen erabaki eta arautu zuen Gorte Gorenak. Horrela, teknika edo metodologia batek zientifikoa izateko baldintza hauek bete behar omen ditu: probatu eta berrikusi ahal izatea, errore-indize jakina izatea eta oro har zientziatzat onartua izatea.

Hatz-aztarnetan oinarritutako teknikan, poliziak aldez aurretik bilduta dituen hatz aztarnekin alderatzen dira krimenaren tokian jasotakoak. Baina azken hiru urteetan, teknika horrek Gorteak ezarritako baldintzak ez dituela betetzen salatu dute hainbat adituk 20 txostenetan.

Azkenean, urtarrilaren 7an epaitzen ari ziren hilketa-kasu batean, hatz-aztarnetan oinarritutako frogak ez duela balio zientifikorik erabaki du Pennsylvaniako epaile batek. Dioenez, teknika hori ez da berrikusi erabiltzen denetik, neurri batean azterketak egiten dituztenek ez dutelako formazio zientifikorik. Gainera, azterketa subjektiboa denez, ezin da errore-maila neurtu. Ondorioz, ez du teknika horretan oinarritutako frogarik onartu epaitzen ari zen kasuan.

Erabaki horren ondotik, auzitegiko beste teknikak ere aztertuko direla diote, oinarri zientifikoak dituzten ala ez ikusteko. Bestalde, teknika berriak garatzen ari dira, eta, adibidez, irisaren azterketan oinarritutako ezagutza-metodoa hatz-aztarnak alderatzea baino fidagarriagoa denez, etorkizunean auzitegietan erabiliko dela aurreikus daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia