}

Hatz lodiak astintzen

2001/05/20 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Non-nahi ikusten ditugu telefono mugikorrak. Jada ohituak gaude kalean jendea esku batez mugikorrari heltzen eta bestearekin aterkiari eutsi nahian hitz egiten ikusten... Irribarretxo bat ateratzen zaizu sarri gu geu egon garelako ataka berdintsuan. Baina azkenaldian gaztetxoek ez diote berbarik egiten mugikorrari, atzamarrak mugituz jo eta su ikusten ditugu trenean, autobusean, edonon. Zertan ari dira? Bada, elkarri mezu laburrak bidaltzen.

Hizkuntza berri bat ari da sortzen telefono mugikorren erabilera berriarekin; mezu laburrak (ML) idaztearenarekin, alegia. Gure artean, oraingoz, nerabeak ikusten ditugu batik bat zeregin horretan, baina abiadura handiz hedatzen ari den fenomenoa dugu MLen erabilera masiboa.

Gazte bati galdetuz, segituan jakingo dugu telefono mugikor batetik ML bat idatzi nahi izanez gero, 160 karakteren mugarekin egingo dugula topo eta mezua Internet bidez bidaltzen badugu, muga hori 120ra jaisten dela. Tolosako edo Urduñako nerabe bat segur aski ez da gogoratuko bezperako azterketan zer galdetu zioten, baina ez du ahalegin handirik egin behar hizkuntza berri horretan erabiltzen diren hainbat eta hainbat laburdura gogoratzeko.

Gaztetxo batek bere mugikorrean "HND?" jasotzen badu badaki "Hitz egin nahi duzu?" galdetzen diotela; zenbat eta laburdura gehiago, orduan eta azkarrago eta, batez ere, merkeago. Belaunaldi berri oso bat idazteko era berri honetan ari da hazten. Fenomeno honen hazkundea ez da txantxetakoa: urtean % 1.800 ari da handitzen. Mundu mailan hilean hamar mila milioi mezu bidaltzen dira eta posta elektronikoa bera ere atzean laga du bitxikeria berri honek. Aditu batzuen arabera, posta-zigilua asmatu zenetik ‘’eskutitzgintzan eman den hazkunde handiena da.

Iragan gabonetan Erresuma Batuan fikziozkoa ez den libururik salduena MLei buruzko WNT2TLK? (Want to Talk? Berba egin nahi duzu?) izeneko liburuxka txiki eta merkea izan zen. 2 libera esterlinatan (500 pezeta, 20 libera) saltzen da eta bere tamaina pospolo-kaxa handi bat baino haratago ez doa. Hori gutxi balitz, hizkera berrira egokitutako hiztegi espezializatuak hasi dira elkarren arteko lehian eta bitxikeria zena negozio erraldoi bihurtzen ari da.

Laburduren bilduma da "WAN2TLK" ("Want to Talk?") liburuxka.

Mugikorrez ekoitziriko idatzizko mezuek hamarkada beteko historia dute. Hasieran ahotsezko mezuren bat zenuenaren ohar gisa erabiltzen zen soilik. 90eko hamarkadaren hondarrean nerabeak mugikorrak erosten hasi zirenean etorri zen eztanda. Eustat-en arabera, egun, 15-24 urte bitarteko EAEko gazteen % 84ak mugikorren bat du. Izan ere, ez da kasualitatea gizarte-segmentu hau izatea erabiltzaile nagusia; lehen aipatutako ezaugarriez gain (azkarra, merkea, anonimoa), badauka MLen kulturak beste izaera garrantzitsu bat gazte batentzat: bere gurasoek ulertzen ez duten kode berri batean idazten du, horrek ematen dion pribatutasunarekin.

Adin-tarte honetan, gero eta gehiago gertatzen da harreman sentimentalen hasiera mugikorraren bitartez gauzatzea, eta harremanak haustean ere aringarri papera joka dezakete teknologia berriek. Lehen, harremanak aurrez aurreko egoeretan hasten eta bukatzen ziren. Orain, mugikorren jabeen % 13ak aitortzen du MLen sistema erabili izan duela harremanen bati amaiera emateko "arina, erraza eta batere minik ematen ez duena" omen delako. Gazte batzuengan onerako eraginik ere izan du MLen sistemak euren harreman afektiboak garatzeko unean: lotsatiak eta barnerakoiak diren hainbat (mutilak batik bat) adierazpen argi eta zuzenagoak egitera ausartzen baitira bitarteko digitalak daudenean.

Pertsona lotsatientzat babes handia da sakeleko telefono bidez mezuak igortzea.

Baina bere alde onak dituen bezala, idazteko era berri honek hainbat kezka ere sorrarazi ditu. DBHko hainbat irakasleren aburuz, moda berri hau ikaragarrizko kaltea ari da egiten ikasleen sormenean eta batik bat idazkeran. Irakasleek diotenez, dena laburduraz idazteko joerak gero isla du gazteen lan idatzietan, eta, espresiobidearen pobretzearekin batera, inoiz gertatu omen da ‘a bilduren’ bat (@) idazlanetan agertzea edota lan-eskakizunak lantzean muxuak eta maitasuna (XXXOOO) opaz bukatzea balizko euren etorkizuneko nagusiari idatzi beharreko gutuna.

Ia eskola guztietan debekatua dago, noski, mugikorra piztua izatea klasean, baina ikasle askok bideak aurkitzen dituzte ikastordu horietan ere euren etengabeko komunikazioarekin jarraitzeko. "Mugikorrari soinua kentzen diot eta horrela mezuak jasotzen jarrai dezaket inor molestatu gabe eta, batez ere, irakaslea konturatu gabe" dio DBHko neska gazte batek. Adin honetako 10etik 8 gaztek MLak erabiltzen dituzte euren bizitza soziala antolatzeko.

Zertan geratuko da guztia? Hain arin aldatzen den ingurune honetan inork ezin ziur jakin, baina hobe izango dugu denok ere ikasle-garaietara itzuli eta hizkuntza berriaz zerbait ikasten hasten bagara, bestela...

Zure umorea adierazteko ikurrak.


Mugikorraren bidez edo internet bidez mezuak bidaltzean ezinezkoa egiten da zure aldartea adieraztea. Horretarako erabiltzen dira ikurrok; umore ona, etsipena, haserrea, etab. adierazteko. Berauek ulertzeko burua okertuta begiratu behar dituzu, ezkerreko ikurra goialdean jarrita.

:-) Aurpegi alaia.

8-) Betaurrekodunak poza adierazteko.

;-) edo ;) Begi-keinua. Txiste baten ondoren...

:-) Deabrutxoa, adierazpen maltzurren ondoren.

:-( edo :( Tristura edo etsipena adierazteko.

0:-) Aingerutxoa, adierazpen maitekorrak egitean.

:-P Mingaina aterata, iseka eginez edo burlaka.

:-\ Ez dakit, ez nago ziur.

:-] Oso pozik nago.

:-S Ez dakit zer esan...

:-[ Oso triste nago.

:-O Harrituta utzi nauzu.

:-@ Uuaa!! Garrasika.

7k-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia