}

Hatzez grabatutako horma-irudi batzuk neandertalek egindakoak direla baieztatu dute

2023/06/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

hatzez-grabatutako-horma-irudi-batzuk-neandertalek
Ezkerrean, zirkuluaren panela deitutakoa; eta eskuinean, berriz, uhinen panela. Arg. Jean-Claude Marquet/CC-BY 4.0

Neandertalek sortutako grabatu zaharrenak datatu dituzte La Roche-Cotard haitzuloan (Erdialdea-Loira harana). Hain zuzen, gutxienez 57000 urte dituztela baieztatu dute, eta litekeena da 75000 urte ere izatea. 

Artistikotzat edo sinbolikotzat jotzen diren halako adierazpenen egiletza eztabaitua izan da askotan, batzuek ukatu egiten baitute neandertalek horretarako gai izango zirenik. Alabaina, La Roche-Cotarden haitzuloko grabatuen egileak ezin izan zuten sapiensak izan, artean ez baitziren eremu hartara iritsi. Horrenbestez, nahitaez, neandertalak izan ziren.

Irudiak hatzez eginda daude, eta ez dira figuratiboak, baina haien forma, espazioa eta kokapena aintzat hartuta, ikertzaileek ondorioztatu dute nahita sortutakoak direla. Haiek aztertzeko, hatz-marken 3D ereduak sortu dituzte, fotogrametria eta bestelako teknika batzuk erabilita. Datazioa egiteko, berriz, haitzuloa itxi zuen sedimentua datatu dute luminiszentzia bidez. Itxiera duela 57000 urte gertatu zela jakin dute; beraz, gizakiek hori baino lehenago egin zituzten grabatuak. Gainera, haitzuloaren barruko harrizko erremintak mousteriarrak dira, hau da, neandertalen kultura batekoak.

Ikertzaileek aitortu dute ez dakitela zein den arrasto horiek esanahia, munduko beste leku batzuetan, garaitsu berean, sapiensek antzeko adierazpenak egin zituzten. Horrek erakusten du neandertalen portaera eta jarduerak sapiensenak bezian konplexuak eta askotarikoak izan zirela. PLOS ONE aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia