Hatzmarka genetikoak
1988/06/01 Juandaburre, B. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hatzmarka genetikoen bidez, gaizkileak krimena burutu duen tokian utzitako arrasto organiko (ile, hazi, odol etab.) txikien azterketa eginik, susmagarri askoren artean egilea zein izan den jakitea posible izango da. Aldizkariren batean emakumezko batek Julito edo Maradona berak erditutako semearen aita dela aldarrikatzen duenean, horrela den ala ez hatzmarka genetikoek erabakiko dute. Gaizkileak eskularruak erabiltzea inporta ez dion eta aitatasunezko eta amatasunezko liskarrak konpontzeko gai den teknika miresgarri honen funtsa zein da? Itaun honi erantzuna ematen saiatuko gara ondorengo lerroetan.
Teknika gaztea da. Lau urte ez ditu oraindik bete. Alec Jeffreys ikerlari britainiarra da umearen aita. Jeffreys-ek kasualitatez egin zuen aurkikuntza mioglobinaren (ehunetan oxigenoa garraiatzen duten zelulen) produkzioa eragiten duten geneak aztertzen ari zelarik. Eskualde hiperraldagarriak izeneko fenomeno genetikoa aztertzen ziharduen. Fenomeno hau ikerlari iparramerikar batzuk aurkitu zuten 1980.ean. DNAren kode genetikoa eskualde hauetan oso desberdina da alez ale. Biki identikoak izan ezik, bi edozein lagunek desberdina daukate eskualde hiperraldagarria.
Kode genetikoa DNAren katea molekularraren lau base-motetan oinarritzen da. Base hauen sekuentziak espezieen arteko desberdintasuna eta espezie baten barneko aleen arteko desberdintasuna markatzen du.
Aldi askotan errepikatzen diren DNA sekuentzia motzez osaturik daude eskualde hiperraldagarriak. Eskualde hauen aldagarritasuna sekuentzia bakoitza zenbat aldiz errepikatzen denean oinarriturik dago.
Jeffreys-ek 1984.ean egin zuen eskualde hiperraldakorren sekuentzia nagusien identifikazioa. Hauek 10-15 base bitartean dituzte eta hiperraldagarri askotan errepikatzen dira. Eskualde hiperraldagarrietan zati aldaezin bat topatzean, hiperraldagarrien markatzaile genetiko bat aurkitu zuen. Jeffreys-ek DNAren bi sekuentzia nagusi isolatu zituen eta klondu egin zituen markatzaile-kantitate handiak lortzeko. Markatzailea konposatu kimiko erradioaktiboz markatuz, sekuentzia hori edozein eskualde hiperraldagarritan identifikatzeko bidea jadetsi zuen. Esan nahi bait da, Jeffreys-ek hiperraldagarrien presentzia identifikatzeko bidea lortu zuela.
Jeffreys-ek prestatutako testa, familiarteko erlazioak ezagutzen zituen familia handi batean probatu zuen. Berak testak familiarteko erlazioak zehazteko, hots, zein zeinekin eta nolako erlazioa zuen jakiteko balio zuen frogatu nahi zuen. Horretarako testak eskualde hiperraldakorrak lokalizatu eta markatu egiten ditu. Hauek banda ilun moduan agertzen dira gel batean (ikus irudia). Banden banaketa ale baten ezaugarria da eta heredatu egiten da. Banden erdia gutxi gorabehera aita biologikotik dator eta beste erdia ama biologikotik.
Jeffreys-ek, bere testak famili arbola determina zezakeela aurkitu zuen.
Britainia Haundiko Zerbitzu Forentseak teknika honen berri izan zuen bezain laster, auzitegi-medikuen lana errazteko izan zezakeen eraginaz jabetu zen.; esaterako, testa bortxatutako emakume baten baginan aurkitutako hazi-haztarnei aplikatuz. Bortxatzailea susmagarri-talde bateko zein izan den zalantzarik gabe erabaki daiteke. Berdintsu egin daiteke hildakoaren azkazaletan aurkitutako hiltzailearen azal-puxkak azterturik. Hatzmarka genetikoak jaio dira.
Hatzmarka genetikoek ez dute huts egiten, eta zehatz-mehatz identifikatzen dute jabea. Dagoeneko erabiliak izan dira Britainia Haundian epaiketatan froga erabakikor moduan. Joan den azaroan eginiko epaiketa batean bortxatzaile bat kondenatua izan zen hatzmarka genetikoen froga hutsaz.
Hatzmarka genetikoak ez dira gaizkileen kasuetarako bakarrik.
Amatasunezko eta aitatasunezko arazoak konpontzeko biderik errazen eta azkarrena ematen du. Dakusagun adibide bat. Britainia Haundia inmigrazio-legeria zorrotza da eta beste zenbait bideren artean Britainia Haundira emigratu nahi duen edozeinek duen biderik errazena bertan bizi den baten senide dela frogatzea da. Hori frogatzea zaila eta luzea gertazen da eta ezinezkoa batzuetan. Hatzmarka genetikoek honelako kasu bat erabaki dute jadanik. Britainia Haundian jaio baina umetan Ghanara bere aitarekin emigratutako mutilak Inglaterrara ituzli nahi zuen bere amarengana. Hala ere, inmigraziokoek ez zioten baimenik eman nahi emakumearen seme ez zela aldarrikatuz. Alec Jeffreys-ek amaren, Britainia Haundian bizi ziren mutikoaren bi arreben eta mutikoaren odola aztertu zituen. Odolaren zelula zurietatik DNA erauzi zuen eta entzimen bidez zati txikitan puskatu zuen.
Zati desberdinak eremu elektriko baten bidez banandu ziren eta nylonezko mintz batean finkatu ziren (zati txikiek distantzia handiagoa egiten dute mintzean zehar eremu elektrikoaren eraginpean luzeek baino). Hurrengo urratsa, DNA-zati hauek testatzea izan zen DNAren eskualde hiperraldagarriak identifikatu eta markatzeko. Eskualdeak banda ilun moduan agertu ziren nylonezko mintzean. Frogek umeak bere eskualde hiperraldagarriaren erdia nesken eta amaren berdina zuela aldarrikatu zuten. Garbi zegoen beraz mutikoa andere haren semea zela eta inmigraziokoek onartu egin behar izan zuten.
Hatzmarka genetikoak erabiltzen hasi besterik ez bagara ere, etorkizun naharoa izan dezakeela aurresan daiteke. Etorkizuna ez da arazoak konpontzea bakarrik izango. Teknikaren patentea duen ICI etxe britainiarrarentzat sekulako negozia izan daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia