}

Hau ote surfaren etorkizuna?

2005/08/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Mundakako olatuaz kezkatuta dauden surflariek badute beste aukera bat: igerilekura joatea surf egitera. Ez da txantxa bat: olatuak bezeroaren neurrira sortzen dituen igerilekuak egiten dituzte Zeelanda Berrian. Horretarako, ordenagailuaz baliatzen dira teknikariak. Baina, horretarako ez ezik, beste nonbait ere erabil daiteke ordenagailua, oholean bertan, adibidez. Horri esker, itsasoaren egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa olatuaren zain dagoen bitartean jaso dezake surflariak, besteak beste. Antza denez, Mundakako olatuak indarra galdu badu ere, teknologiak etengabe egiten du aurrera, konpai!
Igerian ez ezik, surfean aritzeko aukera ematen duten igerilekuak sortu ditu Zeelanda Berriko enpresa batek.

Zeelanda Berriko ASR enpresak bezeroaren beharretara egokitutako igerilekuak eskaintzen ditu. Igerileku horien berezitasuna da olatuak sortzeko gai direla, eta, gainera, nahi den neurriko eta indarreko olatuak sor daitezke igerileku berean.

Lehen igerileku olatudunak 1960ko hamarkadan asmatu zituzten, baina ez ziren inondik inora surflarientzat diseinatu. Igerilariei uhinen artean jolasteko aukera ematea zen igerileku haien egileen asmoa.

Gero, surfa kontuan hartzen hasi ziren, eta surf-oholez hartzeko moduko olatuak egiten saiatu ziren. Mota horretako igerileku ezagunenetakoa Disneyworldeko Tifoi Lakua da. Hamaika milioi litro ur baino gehiago ditu, eta igerilekuaren hormatik hasi eta areazko `hondartza´ bateraino doan uhin bat du.

Nolanahi ere, Tifoi Lakuko olatua ez da nahikoa surflarien beharrak eta nahiak asetzeko. Nonbait, jolasean aritzeko nahikoa da, baina surfean trebatu nahi duenarentzat nahiko kaskarra da. Bada, hain zuzen, horien beharrak asetzeko egiten dituzte igerilekuak ASR enpresakoek.

Nahi den moduko olatua sortzeko aukera ematen dute igerileku horiek.

Egileen esanean, uhinak sortzeko garatu duten sistema guztiz eraginkorra da, bai olatuaren kalitateari eta maiztasunari begiratuta, baita energia-kontsumoari dagokionean ere. Sistema horri esker, olatu baten eta hurrengoaren artean nahi den tartea utz daiteke, zortzi segundotik hasi eta hogeita hamar arte. Hala, surflari bakoitzari olatua hartzeko behar duen denbora ematen dio. Gainera, bai angelua bai olatuaren altuera aukerakoak dira. Angeluarekin jokatuz, azkar edo poliki lehertzen diren olatuak sortzen dira, eta altuera, berriz, 1-2,6 m bitartekoa izan daiteke.

Hortaz, aukera horiek guztiak konbinatuta, adituentzako olatu malkartsu, gogor eta zakarrak egin ditzake uhin-sorgailuak, baina baita poliki hausten diren uhin txiki eta leunak ere.

Igerilekuaren itxura, erabakigarria

Olatu egokiak sortzeko uhin-sorgailua garrantzitsua bada ere, igerilekuaren itxura ere erabakigarria da ASRkoen ustean. Horrexegatik, surf egiteko olatu onenak dauden itsasbazterren ezaugarriak aztertu dituzte urtetan, jakiteko zerk eragiten duen olatuaren kalitatean.

Surf egiteko hondartza onenak aztertu dituzte jakiteko zein diren olatuaren itxuran eragiten duten faktoreak.

Ezaugarri horiek aintzat hartuta, egiten dituzten igerilekuen hormen diseinua berezia da. Uhinak hormaren aurka jotzen duenean, % 40 areagotzen da olatuaren altuera. Hartara, energia aurrezten da; izan ere, 2 metroko uhinetik abiatuta 2,6 metroko olatua lortzen da.

Igerilekuaren punta zorrotza da energia aurrezten laguntzen duen beste ezaugarri bat. Igerilekuak alde bat bestea baino zorrotzagoa du, eta horrek aukera ematen du ibilbidea luzatzeko igerilekua gehiegi handitu gabe. Igerileku arruntetan, ibilbidea laburra izaten da, eta olatua txikitzen joaten da aurrera egin ahala. Aldiz, ASRkoek egiten dituzten igerilekuetan, olatuak ez du altuera galtzen, aurrera egin ahala hormak hurbildu egiten direlako. Horrela lortzen da olatuak energiarik ez galtzea.

Hondo moldagarria

Hormez gain, hondoak ere eragin handia du olatuan. ASRkoen azken igerilekuen hondoa moldagarria da. Hondartzetan egindako ikerketetan, hondoak aztertu dituzte eta ikusi dute zer erlazio dagoen hondoaren itxuraren eta sortzen den olatuaren artean. Datu horiek denak ordenagailuan sartu dituzte, eta hainbat eredu sortu dituzte.

Eredu horiek ezartzeko, hondo moldagarriko igerilekua asmatu dute. Versareef izena jarri diote igerilekuari, hau da, arrezife aldakorra, gutxi gorabehera . Hain juxtu, hori egiten saiatu dira, hondoa erabat aldakorra duen igerilekua, alegia. Horretarako, hondoa kautxu malguz estalita dago, eta horren azpian katuak daude, autoaren gurpila aldatzeko ibilgailua altxatzeko erabiltzen direnen modukoak. Ordenagailuaren aginduz, hondoak nahi den itxura hartzen du. Hala, hondoko menditxoen eta malden araberako olatua sorrarazten dute.

Igerileku berriek hondartzak ordezkatzea lortuko ote dute? Ezezkoan nago.

Adibidez, konturatu ziren Hawaiiko Pipeline olatu ospetsuan erabakigarriak zirela hondartzaren hondo aldapatsua eta olatuarekiko angelu zuzenean dauden tontortxoak. Hori imitatuz, Hawaii izeneko olatua sortzen du Versareef igerilekuak. Uharte horietan daudenak bezala, olatu hori oso aldapatsua da, eta altuera handia hartzen du.

Hawaii izenekoaz gain, beste hiru olatu ere sortzen ditu Versareef igerilekuak: Kalifornia, Indonesia eta Australia. Bakoitzak ditu bere berezitasunak; adibidez, Kalifornia olatua Hawaii baino errazagoa da hasiberrientzat, askoz ere leunagoa baita.

Datorren urterako, Versareef motako beste hiru igerileku jartzeko asmoa dute AEBetako Floridan, Ron Jon Surf Park izeneko parkean. Handienean 70 metroko ibilbidea egiteko aukera izango dute surflariek, 3 metroko altuerako olatuen gainean. Hori, ordea, aukeretako bat besterik ez da izango, dena nahi den moduan aldatu ahal izango delako. Besteak beste, minutu gutxian olatua ezkerretik eskuinera aldatzea egongo da, eta alderantziz.

Igerilekuak ez ezik, bestelako gauzak ere egiten dituzte Zeelanda Berriko enpresa horretan. Esate baterako, itsas hondoan jartzeko moduluak egiten dituzte, olatuaren norabidea edo angelua aldarazteko. Hartara, surflariak nahi duen tokian egin ahal du surf, nahi duen olatu-motaren gainean.

Uretan eta ondo informatuta

Nahi den moduko olatua egitea lortu dute, beraz. Eta ohol aurreratuenak ere eskura dituzte surflariek. Hain zuzen ere, iaztik merkatuan daude ordenagailua txertatuta duten oholak. Intel-ek egin du ohola, eta Interneten sartzeko aukera ematen du, haririk gabeko konexioaren bidez.

Ordenagailua txertatuta duten oholak iaz atera ziren merkatura. Argazkia: Intel

Ohol ordenagailuduna egiteko, surf-oholak egiten dituen profesional baten laguntza izan dute. Izan ere, ez zuten nahi teknologiak surf egiteko eran eta surflariak dituen sentipenetan eragitea. Eta, dirudienez, asmatu dute. Ohol ordenagailuduna besteak bezain arina eta egokia da surf egiteko, baina beste abantaila batzuk ere baditu.

Adibidez, Duncan Scott surflariak aurkeztu zuen ohola. Scott surflari profesionala da, surfa du ogibide, eta liburuak eta filmak egiten ditu surfari buruz. Bada, haren esanean, beretzat ezinbestekoa da une oro informatuta egotea, eta, horregatik, izugarrizko abantaila da horrelako ohola edukitzea: “Ohol honi esker, joaten naizen tokira joanda, nire bulego osoa nirekin eramango banu bezala da”.

Ordenagailuak berdin funtzionatzen du hondartzan atseden hartzen dagoen bitartean zein itsasoan olatuen zain dagoenean. Gainera, eguzki-energiaz kargatzen den bateria gehigarri bat du, eta, horri esker, egunak irauten ditu bateriak.

Oholaren aurrealdean txertatuta, uretatik erabat babesten duen kutxa baten barruan dago ordenagailua. Kutxaren materialak sendoak baina arinak dira: zigilua silikonazkoa da, estalkia polibinil kloruro gardenezkoa, eta egitura aluminiozkoa. Ordenagailua bera ordenagailu eramangarri bat da; haririk gabeko txip bat du, 1,7 Ghz-eko prozesadorea eta 80 Gb-eko disko gogorra.

Ordenagailudun ohola arrunta bezain egokia da olatuaren gainean ibiltzeko.

Denborarekin, aplikazio gehiago jartzeko aukera egongo dela espero dute; esaterako, kamera batek denbora errealean eman ditzake oholetik hartutako irudiak. Zalantzarik gabe, irudi horiek beste edozein tokitatik hartutakoak baino zirraragarriagoak izango dira.

Hori bai, ez pentsa oholean ordenagailua izatea nahikoa denik. Ordenagailua erabili ahal izateko, behar-beharrezkoa da haririk gabeko konexioa ematen duen puntua egotea hondartzan. Euskal Herriko hondartzetan oraindik ez dira ohikoak horrelako zerbitzuak, baina litekeena da berandu baino lehen denetan izatea ordenagailua haririk gabe erabiltzeko aukera.

Hasiberriei laguntzeko

Surf egiten ikastea errazagoa da Malibu igerilekuan itsasoan baino. Hori diote, behintzat, ASRkoek.

ASRkoek diotenez, neurrira egiten dituzte surf egiteko igerilekuak, bezeroaren nahietara eta ezaugarrietara egokituta. Horrek esan nahi du surfean batere ez dakienarentzat ere egiten dituztela igerilekuak. Eta, nonbait, hala da: Malibu izena du bereziki hasiberrientzat diseinatutako igerilekuak.

Surfean egiten hasten direnentzat, oso zaila da ikastea igartzen noiz eta zenbateko indarraz datorren olatua. Malibu igerilekuan, olatuak beti neurri berekoak dira (0,5-1 metro bitartekoak) eta olatuen arteko tartea aukerakoa da.

Horretaz gain, hasiberriek zailtasun handia izaten dute olatua hartzeko arraun egiteko eta gero zutik jarri eta zutik irauteko. Hasieran pauso horiek egin beharrik ez izateko, Malibu igerilekuak sistema bat dauka surflaria oholean zutik dagoela olatuaren gainean jartzeko. Hartara, olatuaren gainean doala orekari eustea beste lanik ez dauka surflari hasiberriak.



Ingurumenaren kaltetan

Oro har, igerilekuek energia dezente kontsumitzen dute; are gehiago horrelako igerileku bereziek. Energiaren alderdia, beraz, kontuan hartzekoa da. Hala ere, badirudi energiaren aldetik garestia izateak ez dituela mugatzen horrelako egitasmoak. Eta basamortuan ozeano txiki bat jartzea baino are proiektu garestiagoak ere egiten dira, adibidez, eski-pistak elurrik ez dagoen tokian.

2003an, Europako eski-pista artifizial handiena inauguratu zuten Madrilen, Espainiako hiriburuan. Munduko bigarren handiena ere bada, Tokiokoaren ondotik. Elurra sortzeko ura eta airea erabiltzen dituzte, eta ez urtzeko -2 °C-an eduki behar da eraikin osoa. Argi dago hori lortzea ez dela merke-merkea, eta ingurumenean duen eragina ere ez dela huskeria izango.

Teknologiak naturan dauden kondizioak imitatzeko aukera ematen badu ere, ez da, ez, hutsaren truke.


Deia-ren D2 atalean argitaratua.