Haztegietako izokinak, basatien pare?
2001/11/28 Elhuyar Zientzia
Haztegietan hazitako arrainak, izokinak kasu honetan, kontuan hartu behar al dira populazio basatiak babesterakoan? AEBetako epaitegi federal batek baietz esan zuen eta, hilaren hasieran, gobernuak epai horri helegiterik ez aurkeztea erabaki zuen. Ondorioz, mendebaldeko kostako bizpahiru dozena populazio arriskupeko espezieen zerrendatik kanpo gera litezke. Horrek kontserbazioaren alde dihardutenak aztoratu egin ditu, beren iritziz haztegietako izokinak kontuan hartzea iraungitzear dagoen espezie baten kontaketan zooetan dauden aleak kontuan hartzearen parekoa baita.
Gobernuak ehun urtetik gora daramatza haztegietako izokinak erabiltzen merkatuan ondo saltzen diren izokinen populazioak indartzeko. Arrainak gazteak direnean askatzen dituzte ibai eta erreketan. Izokin horiek itsasora joaten dira, bertan heldu eta, urte batzuen buruan, haztegira itzultzen dira. Baina haztegietakoak basatien espezie berekoak izan arren, askotan ez dira basatiak bezain iaioak bazkatzen edo harraparietatik ihes egiten. Ondorioz, ez dira ezinbestekotzat jotzen populazioen epe luzerako iraupenean eta Itsas Arrantzarako Zerbitzu Nazionalak (NMFS) ez ditu kontuan hartu izan babestu beharreko espezieen zerrendan zein populazio sartu behar zen erabakitzerakoan.
Epaiak dioenez, NMFSk modu ‘arbitrarioan’ jokatu zuen 1998an Oregongo izokinen populazioen zerrendan haztegietako aleak kontuan ez hartzean, genetikoko berdin-berdinak izan arren.
NMFSko biologoen esanetan, haztegietako aleek basatiei arazoak sortzen dizkietela ondorioztatzen duen ikerketa ugari dago, bien arteko ‘hibridoek’ ere basatiek baino gaitasun txikiagoa baitute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia