Hegazkin aerodinamikoagoak, seguruagoak eta jasangarriagoak helburu
2023/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hegazkinen aerodinamikan eragiten duten faktoreen artean, garrantzi handia dute gainazalek. Hori dela eta, Teknikerren teknologia garatu dute, aeronautikako pieza mikroperforatuak lortzeko. Pieza horiek airearen marruskadura murrizten dute eta aerodinamika hobetzen dute; horren ondorioz, hegazkinak % 10 erregai gutxiago kontsumitzen du.
Joseba Esmoris Arrillaga Teknikerreko ikertzaileak azaldu duenez, azal mikroperforatuak haizearen erregimena aldatzen du: fluxu turbulento edo zurrunbilotsutik, fluxu laminarrera igarotzen da. Horrek ekartzen du hegazkinaren erresistentzia haizearekiko murriztea.
Gainazal horiek ekoizteko, zehaztasun mikrometrikoa lortzea gakoa da. Teknikerren erabiltzen dituzten laser-teknologiei esker, behar den mikrozulo-dentsitatea lor dezaketela baieztatu du Esmorisek.
Gainazalen hobekuntzaren bidez aerodinamika hobea lortzeko irtenbide hori ez da BRTA aliantza osatzen duten zentro teknologikoek proposatzen duten bakarra. CIDETEC-en, txikia dirudien arazo bati jarri diote arreta: intsektuen eraginari. Aireratzean eta lurreratzean hegazkinaren hegaletan intsektuak metatzen dira, eta erresistentzia-koefizientea handitzea eragiten du.
Marta Fenero Bisquer gainazalen ingeniaritzako ikertzailea da CIDETEC-en, eta, haren esanean, “azaleraren kontra talka egiten duen 50 mikrako, hau da, ile baten diametroko eltxo baten hondakin bat gai da fluxu laminarra zurrunbilotsu bihurtzeko, eta, beraz, erregai-kontsumoa asko handitzen du”.
Hori saihesteko, itsaspen txikiko estaldurak garatzen dituzte CIDETEC-en. “Horren bidez, hondakinak oso gutxi itsasten dira, eta, hegaldian zehar, haizeak eta euriak hondakin horiek askatzen dituzte. Horrela lortzen da hegazkinaren aerodinamika ez aldatzea”, azaldu du Fenerok.
Estaldura berriak garatzean erreparatzen dioten beste alderdi bat segurtasuna da. Izan ere, hegaldi betean, estaldurek muturreko tentsio eta tenperaturak jasan behar izaten dituzte, eta hegazkinaren funtzionamendurako piezak babestu behar dituzte. Gainera, ingurumena errespetatu behar dute.
Gaur egungo estalduren ordezko tratamenduak ari dira garatzen Tecnalian. Elementu toxikoak, hala nola kromoa, kadmioa eta beruna alde batera utzi, eta aluminioa eta zinka erabiltzen ari dira. Izan ere, ez dira toxikoak, eta iraunkorragoak eta arinagoak ere badira.
Hain zuzen, jasangarritasuna hobetzeko, hegazkinen osagaien pisua gutxitzea da bideetako bat. Beste bat elektrifikazioa da; baina horrek pisua bost aldiz handitzea dakar. Arazo hori konpontzeko eta hegazkinak arintzeko, Teknikerren zirkuitu eta elementu elektronikoak materialen gainazalean txertatzeko metodoak garatzen ari dira. Borja Pozo Larrocha Teknikerreko ikertzaileak zehaztu duenez, xafla, zirkuitu eta botoiak gaitasun eroalea duten tinta bereziekin inprimatzen dira film malguetan, eta zuzenean materialen gainazaletan integratzen dira, injekzio edo termokonformazio prozesuen bidez.
Horrela, Borja Coto Barreiroren esanean, “konponente elektronikoaren arabera, pisua % 50-70 gutxitu daiteke. Eta, gainera, material asko ari zara kentzen, bakarrik gainazala txertatuta daraman karkasarekin geratzen zara, beraz materialaren % 90 kentzera irits gaitezke”.
Hegazkinak elektrifikatzeak sistema batzuk ordezteko beharra ekar dezake; esaterako, izotzaren kontrako estaldurak, errekuntza-motorrik gabe ez baitago desizozte-sistemetara bideratzen den aire beroa sortzerik. Horren alternatiba bat Tecnalian garatutako buckypaperak izan daitezke. Elkar gurutzatutako karbonozko nanohodiz osatutako xafla meheak dira. Buckypaperek eroankortasun elektriko eta termiko handia dute, kaltearekiko tolerantzia handia, eta nekearekiko erresistentzia.
Bestalde, korrosioa hegazkineko piezen etsai handia da. Horrenbestez, akatsak garaiz detektatzeko sistema berri bat ari dira lantzen CIDETEC-en: soinu-uhinak erabiltzen dituzte, ikusteko zailak diren degradazio-prozesuak hautemateko, kritikoak izan aurretik. Hala, mantentze-lanen eta arriskuen prebentzioaren kostuak asko murrizten dira, segurtasunaren mesedetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia