}

Hegazkin-karparik handiena

1994/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hegazkinentzako hangare hau moduluka egina dago eta askatuta hegazkinez hegalaldi batean garraia daiteke nahi den aireporturaino. Egitura metalikoaz eta olanazko estalkiaz gain ez du beste inolako materialik.

Egiturak guztira 105 tona pisatzen ditu eta 72,5 metro luze da. Aurrean 43 metro zabaleko hiru arku metaliko txiki ditu eta 76 metro zabaleko beste hiru atzean. Aurreko arkuen altuera 16,5 metrokoa da eta atzekoena 27 metrokoa. Guztira 4.500 metro karratuko azalera estaltzen du eta elurra egiten badu ere, metro karratuko 95 kiloko kargari eusteko gai da. 180 kilometro orduko haizeen eragina ere jasan dezake.

Hangare eramangarri hau, matxuratutako hegazkinak dauden lekuan konpondu ahal izateko diseinatu da. Izan ere, munduko zenbait aireportutan ez baita mantenimendurako behar besteko azpiegiturarik egoten. Matxuratutako hegazkinari batez ere beroak kalte egin diezaioke, hegazkineko materialek zabalkuntzak izan ditzaketelako. Hegazkin-ospitalea dela esan daiteke, beraz. Aurreko aldean barruan konpondu nahi den hegazkinaren burualdea sartzen da eta atzeko aldean isatsaldea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia