Hegazkinak ia-ia koheteen pare
2005/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
NASAren hegazkin batek ia Mach 10eko abiadurara iristea lortu du; hau da, ia 11.000 km/h abiaduran egin du hegan X-43A hegazkinak. NASAren asmoa ez zen inolako abiadura-errekorrik egitea, edo ez hori bakarrik behintzat. Asmoa hegazkinak probatzea da, egunen batean koheteak ordezka ditzaten.
Hegazkinak scramjet motorra zeraman. Motor horrek ez du mugitzen den zatirik eta oso eraginkorra da. Hegaldian behar duen oxigenoa atmosferatik xurgatzen du zuzenean; oxigeno hori konprimitu egiten da eta hegazkinak daraman hidrogenoarekin nahasten da. Errekuntzaren ondorioz gasak hedatzen dira, eta horrek mugiarazten du hegazkina.
Oxigenoa atmosferatik xurgatzen duenez, ez du oxigeno likidoz betetako tangarik behar. Horretan bereizten da koheteetatik. Koheteak X-43A motordun hegazkinak baino azkarragoak dira berez, baina hidrogenoz eta oxigenoz betetako tanga handiak behar dituzte. Bi erregaiak eraman behar izatea arriskutsua eta garestia da.
Hala ere, X-43Ak ez du dena aldeko. Scramjet motorra Mach 5 abiaduratik aurrera jartzen da martxan, eta abiadura hori hartzeko kohete baten indarra behar du. Hegazkinak, beraz, Pegasus kohete propultsatzaile bat erabili zuen hasieran. Gero, koheteak hegazkina askatu zuen, eta horrek 20 segundo egin zituen hegan Mach 10eko abiaduran.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia